Hegoaldean 162.300 lanpostu galdu dira 2009 urteaz geroztik, eta joan den urtean, 18.400. Datu horiek erabili ditu argudio gisa ELAk azken boladan izandako lan istripuetako heriotzen jaitsiera arrazoitzeko. 2010ean 80 kasu zenbatu zituen sindikatuak, eta iaz 55 izan ziren. Leire Geredia osasun arloko kideak argi hitz egin du: “Berriro azpimarratuko dugu jaitsiera honen arrazoia krisiaren ondoriozko jarduera ekonomikoaren uzkurdura dela, eta ez arlo horretan ezartzen diren politikak”.
Sindikatuak emandako datuak Osalanek eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren institutuak emandakoekin kontrajarriak dira, horien arabera iaz 42 hildako izan baitziren Hegoaldean —34 EAEn, eta zortzi Nafarroan—. Arrisku prebentzioaz arduratzen diren erakundeek, ordea, ez diote sindikatuari inolako daturik igorri, Gerediak salatu duenez: “Aurreko urteetan Osalanek aldiro-aldiro urtean zehar EAEn gertatutako lan istripuen zerrendak igortzen zizkigun. Aurten, ordea, zuzendaritzak bere kabuz aldatu du irizpidea, eta ez digu informaziorik eman”. Ondorioz, zailtasun handiak izan ditu sindikatuak EAEn “benetan gertatzen diren” lan ezbeharren tasa zehazki ezagutzeko. “Batez ere in itinere gertatzen direnei eta istripu ez-traumatikoei dagokienez”.
Lan gaixotasunen arloan, bestetik, agiriek gora egin dute EAEn eta Nafarroan. Osalanek 2.779 agiri erregistratu zituen iaz —2012an 2.706—, eta Nafarroan, bestetik, 1.517 —2012an 1.322—. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako egoerari erreparatu dio, ordea, sindikatuak. Izan ere, bertan gaixo agiririk jaso ez duten kasu gehiago erregistratu ziren iaz. “Datu hori gaur egungo egoeraren isla esanguratsua da, enprestetan gero eta jende gehiagok uko egiten diolako gaixo agiria hartzeari, lanpostua galtzeko beldurrez”, Gerediaren esanetan.
Eskaera erakundeei
Datu horiek guztiak eskuan, Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak eskaera zuzena egin die Hegoaldeko erakunde guztiei: eraikuntza publikoan lan hitzarmenak bete ditzatela. Baita azpikontratatzen diren zerbitzuetan ere lan baldintzak berma ditzatela ere. “Gobernuak patronalaren mezua eurena bihurtu du, malgutasuna eta eraginkortasuna eskatuz”. Haren arabera, horrek lanpostuak desagertzea eragiten du, ordu gehiagoz lan egitea behartzen baitituzte beharginak. Eta jasotzen duten soldatak ere horretara bideratzen dituela uste du Muñozek. Zornotza eta Muxika artean erakitzen ari diren Autzaganeko adibidea jarri du: orduko 3,2 euro jasotzen dute langileek. “Era horretan, soldata duin bat lortzeko hamar ordutik hamahiru ordura arte lan egiten dute”.