36.000 langile inguru eta 5.400 enpresa, gehienak txikiak. Nafarroako hitzarmen kolektibo handiena da metalgintzakoa, baina CCOO eta UGT sindikatuek beste era batera egin beharko dute akodioa patronalarekin, ituna sinatu eta bi hilabetera atzera bota duelako Nafarroako Lan kontseiluak. Hitzarmena ez dute erregistrorako onartu Nafarroako Aldizkari Ofizialean, idatziak berez jaso ezin dituen eskuduntzak jasotzen dituelako.
Hain zuzen, ituna urratzean edo beste edozein aldagai eztabaidatzeko eratutako batzordean, sindikatuen ordezkaritza soilik CCOOk eta UGTk osatuko dutela esaten da hitzarmenean, metalgintzako ituna negoziatzeko gaitasuna duten gainontzeko sindikatuak baztertuz, ELA eta LAB alegia. Ituna hala idatzita egoteak Langilearen Estatutua urratzen du bere 85.3 artikuluan, LABek ezagutzera eman duenez. Langilearen Estatutuaren artikulu horrek zehazten du enpresa zuzendaritza eta sindikatuen arteko batzorde negoziatzailea (itunaren jarraipena egiteko eta beste aldagai batzuk eztabaidatzeko), ituna bera negoziatzeko gaitasuna duten sindikatu guztiek osatu behar dutela.
LABek gogorarazi du CCOOk eta UGTk esan zutela "beste erremediorik" ez zelako geratzen sinatu zutela akordioa patronalarekin, lan erreformaren atal kaltegarrienak jasotzen bazituen ere. "Legeak dioena" onartzea baino ezin zela egin adierazi zuten CCOOk eta UGTk; "lan erreformari men egin zioten", LABen hitzetan. Sindikatu abertzaleak patronalak "indarrean dagoen legea" besterik ez zuela aipatu gogorarazi du. "Batzuek eta besteek legea urratu dute orain sindikatuen arteko banaketa handitzeko eta ituna euren eremu partikularra bihurtzeko".
350 salaketa Precon hilabete bakar batean
Uztailaren 7tik gertatu den iraungitako lan itunen baliogabetzeak Precon jarritako salaketen kopurua izugarri handitzea ekarri du. Uztailaren 7tik abuztuaren 7ra 350 salaketa jaso ditu Lan harremanen Kontseiluaren menpeko den arbitratze erakundeak. Aurreko urteko epe berdinean, (uztailaren 7tik abuztuaren 7ra) 36 jaso ziren; beraz, salaketak hamar aldiz hazi direla esan daiteke, Borja de la Sota LHKko idazkari nagusiak emandako datuei jarraiki. Hark esan duenez, salaketa gehienak metalgintza sektorekoak dira (%80), eta Gipuzkoa da herrialdeen artean salaketa gehien dituena. "Salaketa uholde bat" dago azken hilabetean Precon Borja de la Sotaren hitzetan, eta horrek Precoko langileen oporraldiak aldatzera behar du, salaketa guztien kudeaketa egin ahal izateko.