Ia 20 hilabete iraun duten negoziazioen ostean, metalgintzako ituna sinatzea lortu dute CCOO eta UGT sindikatuek herrialdeko sektoreko patronalekin. Gaur arratsaldean izenpetuko dute akordioa. ELAK eta LABek gogor salatu zuten urtarrileko akordioa, eta orain ere itunari uko egingo diote. Nafarroan 36.000 langile daude sektorean, eta horietatik gehien-gehienak (%98) enpresa txiki eta ertainetan aritzen dira. Enpresa horietako 5.400 lotuko dira Nafarroa metalgintzako hitzarmen berrira.
Oraindik ezagutzera eman ez duten arren, oso litekeena da hiru urterako akordioa izatea, 2012tik 2014ra. Lan erreformak hitzarmenaren negoziazioan izan duen eragina begien bistakoa da: urtarrilean egindako akordiorako oinarria ez atzera ez aurrera egon da bost hilabetean. Apirilaren 22an Espainia mailako ituna hitzartu zen sektorean, eta horrek ere Nafarroan egindako akordioan bere isla izan du. "Oinarrian urtarrilean hartu genituen konpromisoekin bat egiten duen idatzia lortzea izan dugu helburu hilebete hauetan", esan dio 'Berria'-ri UGTko ataleko arduradun Lorenzo Riosek. "Sindikatuen ordezkaritzaren %60 dago akordio honetan", esan du Riosek, UGTren eta eta CCOOren artean gehiengoa osatzen dutela garbi utzita.
Soldata, lanaldi, adostutakoa betetzeko derrigortasuna, ultraaktibiatea eta beste aldagaien inguruko xehetasunak prentsaurrekoan emango dituzte ezagutzera aurki. Lan erreformak enpresariei eman dizkien eskubide berriak hitzarmenean islatzen diren eta nola islatzen diren ikusiko da orduan.
Metalgintzako sektorean berritzen den lehen herrialdeko ituna da Nafarrokoa. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan berritzeke daude hitzarmen zaharkituak, eta uztailaren 7tik aurrera erreformak ezarritako ultraaktibitatearen amaiera dela eta, indargabetu egingo dira. Hori dela eta, greba eguna egin zuten Gipuzkoan aurreko astean, sindikatu guztiek deituta (ELA, LAB, CCOO, UGT). Ekainaren 17tik 21erako bost eguneko greba deitu du ELAK, gainera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako. Oraindik ez dute erantzun beste sindikatuek.