NAFARROAKO PARLAMENTUA. Gutxieneko pentsioa 513 eurora igotzeko exijitu dute alargunek

Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata lortu arte ez dutela etsiko esan du Alargunen Plataformak

2005eko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Haserre mintzatu ziren atzo Nafarroako Legebiltzarreko Ongizate batzordean alargunak. Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata (LGS) eskatzen ibili behar izatea «lotsagarria» dela salatu zuen Maria Luisa Garcia Alargunen Pentsioen Berdintasunerako Plataformako ordezkariak. Pentsio minimoa egungo 469 eurotik 513 eurora igotzeko exijitu zion UPN eta CDNren gobernuari, soldata minimoarekin parekatzeraino.

Espainiako Gobernuak bi soldata minimo eratu zituen iaz: LGS, aurten 513 eurokoa, langabezi saria kobratzeko soilik erreferentziatzat kontuan hartzen dena; bestetik, IPREM (469,8 eurokoa), gainontzeko sari eta laguntzetarako kontuan hartzen dena, besteak beste, pentsio minimoa ordaintzeko.Iragan urtean pentsio txikienak LGSra parekatzeko neurri fiskalak onartu zituen Nafarroako Gobernuak. Baina 2005ko urtarrilaren hasieratik pentsioak IPREMera egokitzea erabaki zuen gobernuak, Madrilek hartutako erabakia dela argudiatuta. Ondorioz, orain 469 euroko pentsioa dute 9.000 alargun inguruk. Maria Luisa Garcia Nafarroako Gobernuak dituen eskumen fiskalak baliatzeko exijitu zuen, eta 469 euroak 513ra arte osatzeko. Iragan urtean alargunei Gizarte Segurantzak 411 euro ordaintzen zizkien eta Nafarroako Gobernuak 52 euroko osagarria ematen zuen. Alta, Espainiako Gobernuak pentsioak 438 eurora igo zituen eta Nafarroako Gobernuak 24 euro kendu zituen. Horrenbestez, alargunak 2004an 460 euro jasotzen bazituzten, aurten 469 euro jasotzen dituzte. Bederatzi euro baino ez zaie igo, beraz.

«Lotsagarritzat» jo dute eskatzen ibili behar izatea

«Lotsagarria da alargunak Lanbide Arteko Gutxieneko Soldatara iristeko eskean ibili behar izatea. Gaur gurekin egon diren legebiltzarkideentzako 24 euro ez dira deus», kritikatu zuen. Aitzitik, alargunentzako 24 euro horiek «asko» direla azpimarratu zuen.

Oposizioko alderdiek pentsioak soldata minimora egokitzeko ahalegina eginen dutela hitz eman zieten. IUN-NEBk lege proposamen bat aurkeztuko du Legebiltzarrean.

Arazoaren «giltza» CDNk duelaesan zuen Garciak. Alargunen Plataformako ordezkariak CDNren jokabidea salatu zuen. Izan ere, CDNk pentsioak LGSra egokitzeko borrokatu zuen hauteskundeetan, baina gobernuan denetik UPNk esaten duena egiten du. «Justizia eskatzen dugu, diru horrekin ezin da duin bizi», esan zuen Garciak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.