Nafarroako Parlamentuak 2011ko aurrekontuak aldatzeko legea eta sozietate zerga aldatzeko legea onartu du gaur goizean, UPN eta PSNren aldeko botoekin, PPNren abstentzioarekin eta oposizioko gainerako alderdien kontrako botoekin. Oposizioak aurkeztu dituen emendakinetatik bakar bat ere ez dute onartu.
Onartutako legearekin Gobernuko kontseilari eta departamentuek malgutasun gehiago izango dute abenduaren 31 arteko gastuetan, eta emandako kontratutan aldaketa egin eta urte defizit gabe amaitu ahal izateko interes publikokoak izendatu ahal izango dituzte. Sozietate zergari dakokionez, beste portzentaia batzuk ezartzea aztertzen ari da Gobernua.
Patxi Zabalaeta NaBaiko parlamentariak salatu du txapuza bat dela hori, eta Gobernua hausten ari dela frogatzen duela. "Egonkortasun arauak betetzearekin bat gatoz, baina justuak beste arau batzuk dira", esan du. Beste batzuen artean, politika fiskala aldatu beharko litzatekeela esan du, administrazioan gutxiago gastatu eta AHTa atzeratu, "eta ez politika sozialetatik murriztu".
Legea "azkar, korrika eta zehaztasunik gabe" onartu dutela salatu du Zabaletak, eta UPNren laguntzaile izatea leporatu dio.
Maiorga Ramirez Bilduko parlamentariak gezurra esatea leporatu dio Alvaro Miranda kontseilariari, aurretik Nafarroak egin beharrekoak eginda zituela esateagatik, eta herritarrak Gobernuko kideak egiten ari direnarekin ados ez daudela ziurtatu du. Jose Miguel Nuin Ezkerrako parlamentariak sega batekin alderatu du gobernua, politika sozialei dagokienez.
Yolanda Barcina: "Nafarroako Gobernuak aho batez onartuko du 327 milioi euroko murrizketa"
Yolanda Barcina Nafarroako presidenteak bozketaren aurretik aurreratu du Nafarroako Gobernuak aho batez onartuko zuela aurten 327 milioi euro gutxiago gastatzeko murrizketa. Nafarroako Parlamentuan adierazi duenez, aurten aurreikusi baino diru gutxiago jaso dute Gobernuak, eta 327 milioi euroko murrizketa egitea beharrezkoa dela dio.
Barcina nabarmendu egin du defizita barne produktu gordinaren %1,3ra jaistearen garrantzia. "Nafarroako ekonomiaren meseetan egin dezakegun gauza onena da, Espainiak sinesgarritasuna izan dezan eta gure admnistrazioa eta jarduera pribatua finantzatzeko baliabideak izan ditzagun".
Barcina administrazioan kontratuak berriro aztertzea babestu du, eta murrizketen garaian hori egin beharra nabarmedu du. "Aldaketa txiki horiekin emandako kontratuetan dirua aurrezten badugu, defizitaren helburua betetzea errazagoa izango zaigu gero", adierazi du.