Soldatak

Nafarroako soldatapekoek erosteko ahalmena galtzen jarraitu dute azken sei urteetan

2011tik 2016ra %3,2 igo da inflazioa, eta batez besteko soldata gordina bakarrik %2,3 igo da, 2.085 eurora arte. Jaurlaritzaren eskumeneko lurraldeetan soldata KPIaren igoeraren gainetik dago, INEren arabera, baina azken urtean txikitu egin da.

Beharginak lanean, Iruñeko kale batean. JESUS DIGES /EFE
xabier martin
2017ko azaroaren 8a
15:17
Entzun

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako batez besteko soldata gordina 2.235 eurokoa da, Espainiako INE estatistika institutuak emandako datuen arabera. 2011tik 2016ra %5,7 igo da EAEko soldatapekoen batez besteko gordina. Sei urte horietan bizitzaren salneurriak %4,5 egin du gora; beraz, INEren arabera, soldatapekoek ez dute galdu azken sei urteotan erosteko ahalmena, puntu bat irabazi baino. 2015etik 2016ra, baina, soldata gordinak behera egin du, %0,7 hain zuzen, 2.250,2 eurotik 2.235ra jaitsi delako.

Nafarroan, berriz, erosteko ahalmenaren galera egon da 2011tik 2016ra. Batez besteko gordina 2.085 eurokoa zen han, 2016an; 2.114koa zen 2011n, eta, beraz, %2,3 baizik ez da igo sei urtean. KPIa, berriz, %3,2 igo da, eta horrek erakusten du nafarrek erosteko ahalmena galdu dutela, baita batez besteko soldata gordina erreferentzia gisa hartuta ere. Eta erosteko ahalmenaren galera hori handiagoa izan zitekeen azken urtean egondako igoera egon ez balitz. 2015etik 2016ra %1,4 igo da batez besteko soldata, 2.056,3 eurotik 2.085,2ra.

2011koekin ez baizik 2008ko datuekin alderatuz gero, bestelako emaitzak aterako lirateke, eta garbi ikusiko litzateke erosteko ahalmenaren galera zenbatekoa den krisia lehertu zenetik. Batez besteko soldata gordina ez da soldata errepikatuena, hala ere. INEk gaur emadako datuen arabera, Espainian 1.878 eurokoa da batez besteko soldata gordina, baina soldata errepikatuena 1.375ekoa da.

Adeccoren azterketa

INEren datu hauek ez datoz bat Adeccok egindako azterketarekin. Hark 1.941 eurora mugatzen du batez besteko soldata gordina Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako, eta garbi esaten du azken urtean %0,4ko galera eduki dutela soldatapekoek EAEn. Nafarroan, 1.735ean uzten du batez besteko gordina.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.