Ekonomia

Nafarroako sormarka duten ardoak 'Espainiako Mahastiak' adierazlearen barruan sartzea erabaki du Nafarroako Gobernuak

Nafarroako Sormarken Batzorde Arautzailea aho batez ideai horren aurka agertu bada ere eta nekazaritza sektorearen iritzia aurkakoa bada ere, Nafarroako Gobernuak erabaki du Nafarroako sormarka duten ardoak 'Espainiako Mahastiak' (Viñedos de España) adierazle geografikoaren barruan sartzea. Nafarroako EHNE nekazaritza sindikatuak salatu duenez, "mahastizaintza sektorea akabatzeko behin betiko urratsa eman du" Nafarroako Gobernuak erabaki horrekin eta "astakeria handitzat" jo du.

2006ko abuztuaren 3a
16:46
Entzun
Nafarroako herrietako ardoek bi sormarka izan ditzakete, batetik Nafarroako sormarka duten ardoak daude eta bestetik, berriz, Errioxako sormarka dutenak. EHNEk azaldu duenez, erabaki honen ondorioz "egoera zentzugabea biziko dugu". Izan ere, Nafarroako sormarka duten ardoak bakarrik sartuko dituzte zigilu berri horretan eta Errioxako sormarka dutenak, ordea, kanpoan geldituko dira, bere horretan.

Nafarroako EHNEko Ruben Osesek, Juan Jesus Corcinek eta Isidro Jaurrietak azaldu dute Nafarroako Gobernuko Nekazaritza Sailak ez diola jaramonik egin sektorearen iritziari. Izan ere, EHNE ekimen horren aurka agertu da hasieratik hiru ordezkarien hitzetan.

Nafarroako Sormarken Batzorde Arautzailearen erabakiari ere ez dio kasurik egin Nafarroako Gobernuak. Batzorde hori sektorearen ordezkari guztiak biltzen dituen erakunde bakarra da eta aho batez agertu zen Nafarroako Gobernuaren erabakiaren aurka. Batzordean biltzen dira upeltegi handiak, kooperatibak eta ekoizleak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.