34 urtetik beherako gazteei eragin die Nafarroan lehen seihilekoan suntsitutako enpleguaren %51,2k eta langabeziaren gorakadaren %73,7k, eta langabezian dauden gazteen kopuruak %12 egin du gora urtea hasi zenetik, UGTren txosten baten arabera. 2008ko krisitik, gazteek betetzen zituzten 50.200 lanpostu galdu egin dira, duela hamabi urte zeudenen ia erdiak (%46,4).
Sindikatuak ohartarazi duenez, gazteen kontratuen ezaugarri nagusiak dira behin-behinekotasun tasa altuak, iraupen eskasak, langabeziaren babesgabetasuna eta soldata arrakalak.
2020ko bigarren hiruhilekoan eginiko kontratuen %47,2 behin-behinekoak izan dira —%20koa izan ohi da kopuru hori Nafarroan—. Sindikatuak gaineratu duenez, egun nafarren %48,18k urtebetetik beherako kontratua dute, eta %5,1ek sinatu dute urtebetetik gorakoa.
Lanik gabe dauden gazteen artean, %70,2k ez dute laguntzarik jasotzen. «Horrek azaltzen du gazteen mendekotasun ekonomiko handia, euren kabuz ezin baitituzte oinarrizko beharrak ase», azpimarratu du sindikatuak.
Soldata arrakalari buruz, 15 eta 34 urte bitartekoek urtean batez beste 4.154 euro gutxiago (-% 15,8) jasotzen dituzte.