Nafarroan langabe geratutakoen %83 behin-behinekoak dira

ELAren arabera, iaz enpresek aurkeztutako espedienteen %97 onartu zituen Nafarroako Gobernuak

Erredakzioa
2009ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Azkenaldian makina bat lan erregulazioko espediente aurkeztu dira Euskal Herrian. Baina horiekin batera, ELAk salatu du beste hainbat espediente «ikusezin» egon direla. Izan ere, langabeziara joaten lehenak behin-behineko kontratua zuten langileak izan dira. Nafarroan, iaz langabezia tasa %4,3tik %8,2ra igo zen, eta 2007an baino 12.000 langabe gehiago zenbatu zituen INE estatistika erakundeak.

ELAk nabarmendu du langabeziara joandako langile horietatik %83 behin-behineko langileak zirela. Mitxel Lakuntza ELAko Nafarroako koordinadoreak atzo azaldu zuenez, INEren arabera, behin-behinekotasunak behera egin du Nafarroan: 2007an baino 10.000 behin-behineko langile gutxiago zeuden iaz. Albiste txarra da langile horiei ez dietela kontratu finkorik egin: gehienak langabeziara joan dira.

Hori ikusita, ELAk nabarmendu du iaz aurkeztutako lan erregulazioko espedienteen %97 onartu zituela Nafarroako Gobernuak. Sindikatuaren arabera, «patronalarekin ageriko aliantza» du Miguel Sanzen exekutiboak. Alde horretatik, iragan astean gobernuak, CEN patronalak, CCOOk eta UGTk onartutako IV. Enplegu Plana «propaganda» baino ez dela uste du ELAk.

Krisia langileen bizkar

Negoziazio kolektiboari begira, ELAk uste du «soldatak eta enplegua» ez direla krisiaren erantzule. Alde horretatik, aldarrikatu egingo du KPIa baino gehiago igotzea soldatak, lanaldiak murriztea, segurtasun neurriak eta behin-behineko langileak finkatzea. ELAren ustez, egungo egoera ikusita, gatazka da bide bakarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.