ERREDAKZIOA - DONOSTIA@:INE Espainiako estatistika erakundeak Kontsumo Prezioen Indizea (KPI) kalkulatzeko sistema berria ezarri zuenetik, iaztik, udako edo neguko merkealdiak amaitu ondorengo hilabeteetan prezioek gora egin ohi dute nabarmen. Egoera hori islatu da urrian Hego Euskal Herrian; Nafarroan salbu %0,1 jaitsi da inflazioa, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan %0,7 egin zuten gora prezioek.
Merkealdiak bukatzearen eraginaren adierazgarri jantziak eta oinetakoak %14,6 garestitu ziren Araban, %6,8 Bizkaian, %8,4 Gipuzkoan eta %1,3 Nafarroan.Dena den, iazko datuekin alderatuta, urte arteko inflazio tasak behera egin zuen hiru herrialdetan: %2,7tik %2,4ra Araban, %2,6tik %2,5era Bizkaian, %2,4an mantendu zen Gipuzkoan eta Nafarroan %3,1etik %2,6ra jaitsi zen.
KPI %3tik gertu egongo da urte amaieran, LABen ustez
Nahiz eta Nafarroa izan den urrian prezioek behera egin duten herrialde bakarra, LABek nabarmendu zuen inflazio handiena dutela han, %2,6koa. Bestetik, bi hilabete baino ez dira falta urtea amaitzeko eta tartean Gabonak dira.«Prezioak asko igotzen diren garaia izanik, 2003ko KPI %3tik gertuago egongo da %2tik baino», uste du LABek.
Sindikatu abertzaleak gogorarazi zuen Espainiako Gobernuak urte hasieran %2ko aurreikuspena egin zuela eta, horregatik, aldea «handia» dela uste du. Madrilgo gobernuak aurreikuspenok erabili izan ohi ditu gutxieneko soldataren eta pentsioen kalkulua egiteko. «Beste behin langileria da inflazioaren presioaren ondorioak gehien pairatzen dituena, soldaten eros ahalmena etengabe jaisten ari baita», salatu zuen. CCOO-Euskadik urriko inflazioa igo izana egotzi zion «prezioak kontrolatzeko agintari ekonomikoek duten ezgaintasunari», eta KPIren bilakaera horrek «errenta apalenak dituztenei» egiten diela kalte deitoratu zuen. Behar handieneko artikuluak garestitu dira gehien, eta hori «kezkagarritzat jo zuen. Bestetik, Nafarroako Merkataritza Ganberak azpimarratu zuen urte arteko inflazioa jaitsi izana «albiste zoragarria» dela, «aurreko hilabeteen aldean nabarmen moteldu delako».Espainiako KPI %0,7 igo zen urrian eta urte artekoa %2,9tik %2,6ra jaitsi zen. Gainera, elikagai freskoak eta energia produktuak kenduta lortzen den azpiko inflazioa %2,6koa izan zen. Vicente Martinez Pujalte PPko Ekonomia idazkariaren arabera, datuok «oso onak» dira. Azkenik, Confebask patronalak Espainiako urte arteko datuari erreparatu eta «ontzat» jo zuen. Prezioak kontrolatzeko lan gehiago egin behar dutela uste du.
Nafarroan salbu, urrian nabarmen igo ziren prezioak Hegoaldean
Iazko datuekin alderatuta, urtebeteko KPI %2,4ra jaitsi zen urrian Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %2,6ra Nafarroan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu