Iberdrolak eta FCC Ambitok sorgailu eolikoen palak birziklatzeko planta bat eraikiko dute Nafarroan; eskala industrialean lan egingo duen Europako lehena izango da. Lehen instalazioetan hamar milioi euro inguru inbertituko dituzte bi enpresek, eta hamarkada honetan zehar ehun lanpostu sortuko dituztela aurreikusi dute, zuzenean zein zeharka.
Lantegiaren kokapena oraindik zehazteke dago, baina Nafarroa hegoaldean izango da. Enpresek adierazi dutenez, gune «estrategikoa» da. Izan ere, inguruko hainbat parke eolikoetatik «gertu» egongo da, eta instalazio eolikodun eskualdeekin «konexio onak» izango ditu.
Proiektuaren helburua sorgailu eolikoen paletako osagaiak berrerabiltzea da —hein handi batean, beira eta karbono zuntzez eta erretxinaz osatuta daude—. Birziklatze prozesuko hainbat etapa hartuko ditu barnean: aurreko tratamendua eta prestatzea, hondakinen garraioa eta birziklatutako produktuen merkaturatzea.