Industriaren pisua ez da nolanahikoa Nafarroan: enpleguaren %25,3 sektore horrek ematen du eta barne produktu gordinari %30eko ekarpena egiten dio —2007an adinakoa da ehunekoa—. Alabaina, CCOOk "utzikeria" salatu du, industriari laguntzeko neurriak falta direla. Hala, elkarrizketa sozialerako mahaian industria politika berri bat diseinatzea proposatu du, "jardueta ekonomikoa eta industriala sustatzeko helburuarekin".
Nafarroako industria sektorearen ezaugarriak izeneko txostena plazaratu du sindikatuak. Haren datuen arabera, 2008tik 2013ra bitartean 15.150 lanpostu galdu dira. Ehun produktiboaren hondatzea ere nabari du, bost urtean enpresa kopurua %19an gutxitu baita. 576k utzi dute jarduera, horietatik 54k iaz.
CCOOk ohartarazi du galtzen ari diren enpresak ikerketa eta garapena lantzen dutenak direla. Horregatik, arlo publikoaren laguntza beharrezko ikusten du: "Hezkuntza, prestakuntza eta I+G arloko murrizketek bukatu egin behar dute".