AEBek eta Mexikok alde biko aurreakordioa iritsi dute NAFTA Ipar Amerikako Merkataritza Libreko Ituna berritzeko giltzarri diren zenbait gaietan. Donald Trump pozik agertu da akordioarekin, baina ez dio NAFTA deitu nahi eta Kanadari baldintzak jartzen hasi da prentsaren aurrean.
Lehenago, aldiz, Mexikoko jarduneko presidente Enrique Peña Nietok Kanadako presidentearekin hitz egin duela azaldu du, Mexikoren helburua hiru aldeko negoziazioa "aste honetan bertan amaitzea dela". Akordioaren berri emateko Etxe Zuriko Gela Obalean Trumpek egindako ekitaldian, telefonoz hitz egin dute Trumpek eta Peña Nietok, eta elkar zoriondu dute, itzultzaile bat tarteko zuen elkarrizketa nahasi batean.
AEBetako eta Mexikoko negoziatzaileek adostutakoaren arabera, autogintza konpainiek muga zergarik nahi ez badute hiru herrialdeen arteko auto salerosketan, auto horien balioaren %75 Ipar Amerikan manufakturatutakoa izan beharko da —orain arte muga %62,5ekoa zen—. Era berean, autoetarako bertako aluminio, altzairu eta osagai gehiago erabili beharko dituzte, eta auto guztien zati jakin bat orduko gutxienez hamasei dolar (hamahiru euro) irabazten duten langileek egin beharko dituzte. Horrek mesede egiten die AEBetako eta Kanadako lantegiei.
Orain, hirugarren aldea, Kanada, negoziazioetara itzuliko den ikusi behar da. Kanadari gonbita egiteko prest agertu da Donald Trump gaur, nahiz eta baldintzak jartzen hasi. AEBetako presidentea prest agertu da Kanadako presidente Justin Trudeauri "laster" deitzeko, bizilaguna "zuzentasunez negoziatuko badu". Hala ere, hainbat iturriren arabera, AEBetako eta Mexikoko negoziatzaileak ez dute Kanadaren parte hartzea zalantzan jartzen.