Lehiaren Auzitegiak atzo argitaratu zuen banaketa sektoreari buruzko txostena. Dokumentu horretan, orain dela urtebete epaitegiko presidenteak, Jabier Berasategik, Eroskiren kontra eginiko akusazioetan sakondu dute. Besteak beste, eguneko produktuen salneurria «igoaraztea» egotzi zion Berasategik Eroskiri, eta orain salaketa horretara Mercadona eta Carrefour batu ditu.
Auzitegiaren ustez, nahiz eta hiru enpresek lehia askea urratzeko asmorik ez izan, lehiaren defentsarako organoak ezin dute oligopolio egoera besterik gabe onartu. Adierazi gabeko kolusioa dagoela frogatzen denean, lehia areagotzeko konponbideak ezarri behar dira», dio txostenak.
Baldintza «neurrigabeak»
Lehiaren Auzitegiaren arabera, hiru banaketa taldeek euren hornitzaileei «baldintza neurrigabeak» ezartzen dizkiete, eta, ondorioz, salneurriak igotzen dira. Jarduera horrek euren irabaziak handitzen ditu, eta kontsumitzaileei kalteak eragin.
Txostenaren haritik ez da ekinbide juridiko bat aterako, baina nolako konponbideak gauzatu nahi dituen azaldu du auzitegiak. Hain zuzen ere, tokiko monopolioak desagerrarazteko asmoz «desinbertsioak derrigortzea» aipatu du. Era berean, saltoki bat jartzeko tenorean edo ordutegiak ezartzerakoan dauden legezko mugak ezabatzea eskatu du epaitegiak, berriro.