Nahiz epaileak tokiak hustea galdatu, okupazioari eustea erabaki du ELBk

Onetik esnetegiak auzitara eraman ditu 14 laborari; bakarra zigortu du epaileak: Jean-Paul Duhalde

Jean-Paul Duhalde, zigortutako laboraria, bere abokatuarekin, epaia jakin ondoren. JENOFA BERHOKOIRIGOIN.
Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2011ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
«Mugimendua hautsi nahi dute, lekuak hustea nahi dute, baina gu berriz antolatuko gara, eta segituko dugu». Horra zer zioen atzo arratsaldean, auzitegi aitzinean, Xabi Lopepe ELBko ardi-esne ekoizleak, hamalau laborarien auziaren ondoren. Ideia hori berretsi zuten Makeako Onetik esnetegian ziren berrogei bat laborarik barda, epailearen erabakia jakin bezain laster. Nahiz epaileak Jean-Paul Duhalderi eta «haren mende den pertsona orori» okupazioa gelditzea galdatu, gaua esnetegian iragatea erabaki zuten. Uxerrak Duhalderi epaiaren berri emanen dion dokumentua erakutsi eta bi oren barne beharko ditu tokiak hustu. Bestela, oren guztiz, pertsonaka, autoka eta traktoreka 150 euro pagatu beharko dute. 19:30ean erakutsi zion dokumentua, eta gaua ez zuen Onetik esnetegian pasatu laborariak.

«Oinarri juridikorik gabeko epaia» dela salatu zuen Jean-Rene Etxegaraik, Duhalderen abokatuak, eta gehitu defentsaren eskubidea «urratu» dutela. Hain zuzen, afera hori auzitegi horren esku izan beharrean merkataritza auzitegian trenkatu behar zela azalduz, epaiketa ezin zitekeela egin argi utzi zuen. Bai ala ez, auzi hori segitzeko ardura hartzen zuen zehaztea galdatu zion Etxegaraik. Baina agerian utziriko salbuespenezko ezgaitasuna kontuan ez zuen hartu epaileak, eta zigorra banatu zuen. Onetik esnetegiaren abokatuari arrazoi eman zion. Horrek laborarien «berehalako kanporaketa» eskatu zuen, eta esnetegikoen askatasuna «zapaltzen» zutela azaldu.

Haatik, Duhalde zuten bakarrik zigortu, beste hamahiru auzipetuek ez zutelako uxerraren deirik ikusi. Hain zuzen, Onetik esnetegira etorri eta Duhalde bakarrik kausiturik, hura zuen bakarrik zigortu. ELBk argi utzi zuen hamalau horietariko batzuk ez zirela Makeako okupazioan egon, baina bai Heletako Agour gasnategian. Epaitegira deituriko batzuk ezagutzen ez zituztela ere gehitu zuten. Orokorki, bide judizial hori «tarrapataka» egin dela salatu zuen Etxegaraik.

Ekintza sindikala, begi bistan

«Hartutako engaiamendua zangopilatu dutenek gaituzte auzitara eraman», zioen Duhaldek, epaia jakin eta berehala. Funtsean, Etxegaraik ere epaileari azaldu zion hor «ekintza kolektibo eta sindikal» bat zela begi bistan. «Onetik esnetegiak hartu zuen akordioa oroitarazteko ELBko militanteek egin ekintzaren zilegitasuna da ikertu behar dena», Etxegaraien hitzetan.

Otsailean zuen industriak tokiko esneari «lehentasuna» emateko eta inportazioen gutxitzeko engaiamendua hartu. Baina lanbide arteko batzordearen azken bileran aurten bederatzi milioi litro ekarraraziko dituztela jakinarazi zuten. Hori gaitzesteko dabiltza protestan ELBko kideak. Aste hastapenean, Peio Etxelekuren Agour esnetegia okupatu eta Xavier Moranceren Onetik enpresan dira geroztik. Hitza betetzeko exijitzen diete. Barda Euskal Irratietan mintzatu zen Patrick Etxegarai lanbide arteko batzordeko presidentea; «ez da horrelako ekintzak egiteko momentua», azaldu zuen. «Presiopean» negoziaketarik ezin daitekeela egin gehitu zuen. Suprefetak gaurko finkatua du bilera bat lanbide arteko batzordekoekin.

Hitza errespetatzeaz gain, kanpotik sartzen den esne kopurua kontrolatzeko tresna bat nahi dute ekoizleeek, «hori ez deino industrialei eskuak libre uzten direlako, nahi dutena egiteko». Euskal Herriko Laborantza Ganberak sostengua adierazi zieten atzo protestan diren esne ekoizleei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.