Ekonomia

Nanterreko auzitegiak apirilaren 11 arte atzeratu du Cevitali erantzuteko epea

Talde aljeriarrak Frantziako marken truke Donostian egindako eskaintzaren operazioa argitu arte itxarongo du Nanterrek.

xabier martin
2014ko martxoaren 28a
12:11
Entzun

Beste atzerapen bat. Dagoeneko laugarren aldiz aldatu du epemuga Nanterreko epaitegiak FagorBrandt erosteko mahai gainean duen eskaintzari baietza eman ahal izateko, likidazioaren erabakia atzeratuz. Cevitalek Orleans eta Vendome lantegiak eta beste hainbat bulego erosi nahi ditu Frantzian 100 milioi euroren truke, eta Nanterreko epaitegiak, FagorBrandten konkurtsoa daramana, saldu nahi du. Baina eskaintza hori ez da ofiziala izango Cevitalek ez badu lortzen aurrena Donostiako epaile Pedro Malagonek oniritzia ematea Frantziako marken salmenari, Fagor Ireland gordailuan dauden marken salmentari alegia. 

Cevitalek helegitea jarri dio Atotxako epaileak orain egun batzuk salmentari emandako ezezkoari. 25 milioi euro ez, baina 35 eskatu zituen Malagonek De Dietrich, Sauter, Vedette, Easycook eta Brandt ekoizteko baimen guztien truke. Negoziatzea ez dela epailearen eskumena esan dio orain Cevitalek helegitean Malagoni, eta hark helegite horrek prozesu guztian zer nolako eragina izango duen erabaki behar du orain.

Izan ere, Paris oso interesatua dago salmenta lehenbailehen gerta dadin; udal hauteskundeak jokatzen ari direla ere ezin da ahaztu. Bestalde, Madrilek zor bat jaso nahi du, eta Nanterrek zeresana izan dezake horretan, Fagorrek Cofides sozietate publikoari utzitako bost milioi euro inguruko zorraren bermea Frantziako hondasunen bat delako.

Negoziazioek apirilaren 11 arte izango dute epemuga irtenbide bat egon dadin. Egun horretarako, Malagonek bere epaitegian duen Cevitalen helegiteak argituta beharko du, eta markak afrikarren esku geratuko diren esan beharko du, 25 milioiren truke izan edo beste edozein salneurrian izan. FagorBrandt zain dago; 1.200 lanpostu sortzeko botoia sakatzeko zain zain daude Frantzian, eta botoi hori sakatzeko gaitasuna Pedro Malagon Donostiako epaitegiko titularrak baino ez dauka, goi mailako negoziazioek eman dezaketen emaitzak horretan izango luketen eragina ahaztu gabe, noski.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.