Cevitalek egindako eskaintzari buruzko erabakia hartzeko eguna izendatua zuen gaurkoa Nanterreko Merkataritza arloko epaitegiak, Frantzian, baina Donostian marken auzia argitzen ez den bitartean Nanterrek ez du ezer esango eta, ondorioz, auzia berriro atzeratu behar izan du administratzaile judizialen eskaeraren ondoren. Hilaren 27ra arte eman du epemuga Nanterrek Cevitalen eskaintzari buruz erabakitzeko, auzia laugarrenez atzeratuz. Frantziako administratzaile konkurtsalek hala eskatu diote, izan ere. CGT sindikatua haserre dago Donostiako epaitegiak ez duelako Frantziako marken salmentaren prozesua haiek nahi duten bezain azkar kudeatu. "Moteltasun" horrek eragin du Orleans eta Vendomeko lantegien jarduera etetea berriro. Urte hasieran ziztada publiko garrantzitsuei esker, lau lantegietatik bi martxan jarri zituzten agintarien FagorBrandten, baina Cevital ez bada azkar sartzen, lantegiek ez dute etorkizun handirik.
Nola eragiten du horrek Donostiako Merkataritza arloko epaitegia kudeatzen ari den Fagor Irelanden salmentaren operazioan? Zaila da esatea, baina Pedro Malagon epaileak ordu gutxian erabaki bat hartu beharko duela pentsatzea da logikoena, Naterreko atzerapenak atzerapen. Fagor Ireland gordailuak dituen De Dietrich, Vedette, Sauter, Easycook eta Brandt markak nahi ditu Cevitalek Frantziako Orleans eta Vendomeko lantegiak 1.200 langilerekin martxan jarri aurretik. Fagor Etxetresnen Euskal Herriko kudeatzaileek, hirurek, salmenta hori egiteko baimena eskatu zioten Malagon epaileari, eta kontuan hartuta likidazio fasea datorren astean abiarazi daitekeela —epaileak berak aurki aurkeztuko dioten plana onartu eta gero—, Donostiako epaitegiak ez du denborarik erabakia atzeratzeko, baldin eta Cevitalen eskaintza talde horrek Frantzian dituen interesei loturik dagoela kontuan hartuz gero.
Operazioa zapuztu dezakeen helegitea
Espainiako Estatuko abokatuak Frantziako marken salmentari helegitea jarri diola eta, prozesu osoa atzeratu daitekeela ere pentsa daiteke, baina ez dirudi hori gertatuko denik; Malagonek idatzi horren gainetik har dezake erabakia datozen orduetan. Hori gertatuko balitz, ordea, Estatuaren abokatuak beste helegitea jarriko lioke prezesuari, eta orduan atzerapena saihestea ez litzateke beharbada hain erraza.
Baina Cevitalek Malagonen erabakia behar du, eta lehenbailehen behar du, likidazio fasea datorren astean hasten bada, joko arauak aldatu, eta haren eskaintza gaur den bezala behintzat, bertan behera geratuko baita. Horrek, aldi berean, talde aljeriarrak Garagarza (Arrasate) eta Eskoriatzako lantegiak (300 lanpostu) zabaltzeko egindako eskaintzarenak egitea ekarriko luke. Eskaintza hori hitzezkoa da; ez du berme juridikorik. Fagor Ireland (markak) lortu eta gero, bere hitza bete dezake Cevitalek ala ez, bere benetako interesa Frantzian baitago, hango merkatu osasuntsuan (hemengoarekin alderatuz). Baina gaur gaurkoz, likidazioa hasi aurretik, mahai gainean dagoen eskaintza bakarra da enplegua sortzeko, eta hori oso kontuan hartu beharra dauka epaileak, Estatuko abokatuak, Fagor Etxetresnek hainbat elkarte publikorekin duen 20 milioi euroko zorraren zaintzaile gisa, Fagor Ireland 25 milioi euro baino balio dituela esan duen arren.