Urtebeteko atzarapenarekin bada ere, krisiaren ondorioak Naturgas Energiaren emaitzetara heldu dira. Bilboko konpainiak 120 milioi euroren irabaziak izan ditu 2009an, aurreko urtean baino %8 gutxiago. Irabazitako hamar eurotik, zazpi inguru Araba, Bizkai eta Gipuzkoan eskuratu dituztela jakinarazi du enpresako lehendakari Manuel Menendezek.
Mozkinetan behera egin arren, Naturgasen iazko emaitzak «oso ontzat» jo zituzten presidenteak eta Fernando Bergasa zuzendari nagusiak atzo eginiko agerraldian. Izan ere, zerga aurretiko mozkinetan (EBITDA) 182 milioi euro irabazi ditu, 2008an baino %10 gehiago. Konpainiaren negozioa, bestalde, 1.031 milioi eurora jaitsi da, %23 gutxiago, industrian gertatutako eskaeraren «jaitsiera nabarmenaren» ondorioz.
Bestalde, aurtengo aurreikuspenak egiteko goiz dela ohartarazi duten arren, urtarriletik otsailera kontsumoaren igoera txikia, %2tik beherakoa, izan dela jakinarazi dute.
Inbertsio «historikoak»
Emaitza ekonomikoen gainetik, Bergasak iazko inbertsio «historikoak» nabarmendu ditu. Gas sarearekin eta garraiorako azpieguturekin batera, Naturgasek 330 milioi euro erabili ditu Murtziako eta Kantabriako gas konpainiak bereganatzeko. Horri esker, 215.000 bezero berri egin ditu, %31 gehiago. Dagoeneko, ia 900.000 bezero ditu eta, EAEko gas hornitzaile nagusi ez ezik, Espainiako bigarren hornitzaile bilakatu da, %14ko kuotarekin eta 9.000 kilometroko azpiegiturekin.
Konpainiak hainbat udalerritara zabaldu ditu gasa hornitzeko aukerak, tartean Gipuzkoako Ezkio-Itsasora eta Elduainera. Etxebarrin (Bizkaia), bestalde, lanak hasi dituzte. Bergara eta Irun arteko gasbidea eraikitzeko lanetan, halaber, aurrerapauso gahandiak eman dituzte eta, urte honetan martxan jartzea espero dute, nazioarteko lotura ezarriz lehen aldiz.
Banatutako energiari dagokionez, enpresak 18.968 GWh banatu zuen, 2008. urtean baino %8 gutxiago, Murtziako eta Kantabriako datuak zenbatu gabe.
Naturgas Energiak 120 milioi euro irabazi ditu, %8 gutxiago
Kantabriako eta Murtziako gas konpainiak erosteko 330 milioi euroko inbertsioa egin du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu