Enpresak

Naval likidaziora doa

Zuzendaritzak likidazio fasea abiarazteko eskatu dio konkurtsoa daramaran epaitegiari, baina esan du oraindik inbertitzaile bila dabilela.

'Vox Alexia'-ren kroskoa, Navalen nasetan. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
xabier martin
2018ko irailaren 24a
07:10
Entzun

Naval aspaldian hasi zen hondoratzen, eta, gaur, beste maila bat behera egin du porroterako bidean. Sestaoko ontziola historikoa likidaziora doa, zuzendaritzak konkurtsoaren fase hori abiarazteko eskatu ondoren. Vox Alexia ontzia eraikitzen jarraitzeko negoziazioek aurrera jarraituko dute, enpresaren arabera. Ontziaren kroskoa besterik ez dago eginda, eta negoziazio konplexu batzuen ondotik, bankuena da gaur egun. Ontzia egitea eskatu zuen enpresak, VanOord armadoreak, ez du lortu gaur arte bankuekin ados jartzea kroskoaren salneurriaren inguruan; eta desadostasun epe horrek beste kolpe bat eman dio Navali, likidazioa iritsi delako.

Navalen 347 ontzia bukatuko den ez da segurua jadanik. Hartzekodunen ituna lortzeko epea amaitu da, eta likidazioa faseak ekar ditzakeen baldintza berrietan erdietsi beharko dute soluzio bat eragileek, armadoreak, bankuek eta Navalek berak. Hori guztia Vox Alexia Sestaoko nasetan bukatzeko; edo beste era batera esanda, enpresak gutxieneko lan karga bat izan dezan. Beste kontu bat da, likidazio fasera iritsita zer-nolako geroa datorkion ontziola historikoari. Zuzendaritzak dio inbertitzaile berrien bila jarraituko duela. Aurkitzen ez badu nekez salbatuko da Naval; itxiera gero eta gertuago dago.

Hain zuzen, VanOord armadoreak Vox Alexia-ren enkarguarekin jarraitzeko jarri duen baldientzetako bat da ontziolaren ardura hartuko lukeen inbertitzaile bat egotea. Horiek horrela, CNNko Administrazio Kontseiluak (Navalen jabea) inbertitzaileak aurkitzeko lanak jarraitzeko erabakia hartu du, likidazio fasea eskatzearekin batera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.