Ontziolak

Navalek 'Living Stones' ontzia itsasoratuko du igandean

Itsas hondoan lan egiteko diseinatutako offshore ontzia 2017an emango dio Sestaoko enpresak Herbehereetako Tideway jabeari.

xabier martin
2016ko irailaren 16a
21:17
Entzun

Oraindik hilabete batzuk falta dira Naval eraikitzen ari den Linving Stones ontzia bere jabeari emateko, baina igande honetan prozesuaren mugarria egingo du Sestaoko enpresak: itsasoratzea. Linving Stones itsas hondoan lanean aritzeko offshore ontzia da. DEME Hebehereetako taldearen Tideway adarraren enkargua da, eta 2017ko lehen erdian jasoko du Bizkaiko nasetan eraikitako ontzi modernoa.

Batik bat offshore ataleko energia eolikoko instalazioak eraikitzeko baliatuko dute, itsas azpiko kableak jartzeko, adibidez. Navalek jakinarazi du ontzia garraio ekologiko baten modura diseinatu dutela, bi motor motarekin: gas natural likuatuarena bat eta fuelekoa bestea. Erregai eta olio biodegradableak baliatuko dituzte, ahalik eta fuel gutxien erabiltzeko.

Itsasoratzeko ekitaldian, Arantza Tapia Jaurlaritzako Garapen ekonomikoko sailburua, Josu Erkoreka bozeramailea eta Iñaki Irausuegi Navaleko zuzendari nagusia izango dira. Haiekin batera, DEME taldeko zuzendaritzako ordezkaritza bat ere egongo da, baita Belgikako Finantza, Ogasun eta Energia ministro Bart Tommelein ere.

Texelstroom, emandako azkena

Naval ontziolak bere ibilbideko lehen ferrya entregatu zuen aurreko hilean. Herbehereetako TESO konpainiarentzat eraiki du hura. Gas naturala erregai gisa baliatzen bakarrenetarikoa da. Ontzi aintzindaria dela azaldu zuen Sestaoko ontziolak; ia hiru urteko lanaren ostean, 344. ontzia bukatu zuen: ontziolak inoiz eraikitako aurreneko ferrya. Frisiako Texel uhartea eta Herbehereetako Den Helder portua lotuko ditu. Hortik izena: Texelstroom.

Gauzak horrela, 2019ra arteko lan zama ziurtatua du Navalek. Offshore energia eolikoko sektorerako ontziaz gain, bi dragaontzi eraikitzeko enkargauak dauzka, Rotterdamgo Van Oord-entzat.

Valentziako Balearia enpresarentzat beste ferry bat egitea ere hitzartu zuen urte hasieran, 175 milioi euroren truke. Inoiz Euskal Herriko ontziola batek bidaiariak garraiatzeko eginiko itsasontzirik handiena izango da, Mediterraneo itsasoan gas naturala erabiliko duen lehena. Nasak beteta jarraitzeko kontratu oparoa itxi du horrela, bigarren ferrya egiteko atea irekita laga baitu Baleariak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.