Ontzigintza

Navalek bere lehen ferrya uretaratu du

Sestaoko ontziolak ia bi urteko lanaren ostean bota du uretara Herbehereetako TESO konpainiarentzat eraikitako Texelstroom ferrya[YouTube]http://youtu.be/71pPhtPjJA8[/YouTube]

Jon Fernandez.
2015eko uztailaren 30a
13:22
Entzun

Sestaoko (Bizkaia) Naval ontziolak bere 344. ontzia urataratu du gaur arratsaldeko 16:30ean, baina ontzi berezia da gaurkoa, berak eraikitako lehen ferrya baita. Herbehereetako Royal N.V. Texels Eigen Stoombot Ondernemig (TESO) konpainiarentzat eraiki du Texelstroom izeneko ferrya ontziolak, eta punta-puntako teknologia erabili du. Munduan gas naturala erabil dezaketen ferry gutxietako bat izango da, 1.750 bidaiari eraman ahal izango ditu, eta 350 ibilgailu. 

Ferrya gai da gas naturala presio handian biltzeko, eta gasa erregai bezala erabiliko du argindarra sortzeko eta, era berean, propultsioko motore elektrikoak elikatuko ditu. Naval maila teknologiko handiko itsasontzien eraikuntzan espezializatuta dago, eta gaurko itsaroratzeak merkatu horretan indartzea ekarriko diola uste du Sestaoko ontziolak. 

Texelstroom 135 metro luzeko ferrya da, eta 28 metro zabalekoa. Ia bi urtean 600.000 orduko lana izan dute Sestaoko ontziolan ferrya eraikitzeko, eta gaur uretaratu arren, urte amaieran espero dute egitea lehen proba itsasoan. Ontzijabeari 2016 hasieran emango dio ferrya Navalek, erabat amaituta dagoenean. Texelstroom-ez gain, beste bi lan ditu esku artean Navalek, eta lan karga ziurtatuta dauka gutxienez 2017 amaierara arte: offshore energia eolikoko sektorerako ontzi bat ari dira eraikitzen Tideway/Deme enpresarentzat, eta bi hurrupatze draga Van Oord konpainiarentzat. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.