Europako Batzordeak tax lease sistemaren inguruan emandako ebazpenaren ondoren sortutako "ziurgabetasun egoeran", Sestaoko Naval ontziolak itsasontzi bat egiteko kontratu bat galdu du. Ohar batean azaldu duenez, 100 milioi inguruko eskaera bat gelditu da bertan behera. Hori dela eta, egoera larrian gelditu da Naval. Izan ere, urte hasieran 220 milioi euroko beste kontratu bat galdu zuen, eta, egun, 2014 urte hasiera arteko lana bakarrik du ziurtatua.
Navalen arabera, Bruselaren ebazpenaren ostean sortutako "ziurgabetasunaren" ondorioa da ontzijabearen erabakia: "Tax lease sistema berriarekin operazioak egitea zaila ikusten dute, Europako Batzordeak uztailean hartutako erabakiaren ondorioak zeintzuk diren zehaztu bitartean".
Sestaoko ontziolan 240 beharginek lan egiten dute, eta zuzendaritzak dagoeneko lana erregulatzeko zazpi dosier aurkeztu ditu jarraian.