Itzalean sentitzen dira Navaleko azpikontratetako langileak. Ontziolako langile batzordeak hartzen dituen erabakiei babesa eskaini diete, baina alderdi politikoekin eta agintariekin dituzten bileretan 200 langile ordezkatzen dituztela gogoratu diote. Eta Navalek 1.800 langile izan ditu azpikontratatuta azken urteetan, hau da, beharrean aritu direnen %90. Horregatik diote itzalean sentitzen direla, ez delako euren ahotsa aintzat hartzen. Horregatik, argitara jauzi egiteko duten eskubidea aldarrikatu dute, eta ontziolaren etorkizunaz hitz egiteko sortuko litzatekeen negoziazio mahaian presente egotea eskatu dute. “La Navalen etorkizunari eta egon daitezkeen irtenbideei ekiteko, ezinbestekoa deritzogu talde hau aintzat hartzea”, adierazi du Iratxe Azkue LABeko Industria Federazioko kideak.
Azkuek adierazi du zaila dela jakitea zein den une honetan Navali zerbitzua eskaintzen dieten azpikontratatutako enpresen egoera, “bakoitzaren egoera ezberdina delako”, eta horietako asko ez daudelako sindikalizatuta ere. Ontziola hartzekodunen konkurtsora sartu aurretik haren jarduna “azpikontratazio basatienean” oinarritzen zela azaldu du Azkuek, hau da, enpresa horietako langileen “lan baldintzak kaskartzean”. Eta areago joan da: “Navalen etorkizuna ezin daiteke mamitu iraganari eusten dion lan eredu batean, lan baldintzen esplotazioan eta prekarizazioan oinarrituta. Eta hori azpikontratatutako langileek bakarrik berma dezakete”.
Egoerari buelta emateko negoziazio mahaietan euren presentzia bermatzeaz gain, industria politika eraginkor bat eskatu diote Eusko Jaurlaritzari: “Industria politikarik ezak egunero ikusten ditugun ondorio lazgarriak dakarzkigu. Jaurlaritzak darabilen politika bakarra enpresa handien jarduna erraztea da, euskal kapitalez osatutako enpresak atzerriko kapitalari saltzen lagaz”. Navalekin beste horrenbeste gertatu ez dadin, ontzigintzaren sektorearen aldeko apustua egiteko eskatu diote Jaurlaritzari.