Navaleko 170 langileek batzarra egin dute gaur goizean Van Oordek ‘Vox Alexia’ dragaontzia Sestaon amaituko ez duela baloratzeko. Pneumatikoz bete dute furgoneta bat, su eman diote, eta ontziolatik manifestazio bat abiatu dute gaur goizean “Naval ez itxi” zioen pankarta baten atzean. Haserre hitz egin du Juanjo Llorden langile batzordeko idazkari nagusiak, eta Jose Angel Escribese ontziolako zuzendari nagusiaren dimisioa eskatu du: “Noiz arte aguantatu behar ditugu bere adierazpenak? Inork alde egin behar badu bera izan beharko zen. Bi urtez egon da zuzendaritzan, eta ezer gutxi egin du, eta itxaropen faltsuak sortu ditu; Del Dago inbertitzailea heldu zela esan zuen, baina azkenean ez zen agertu ere”.
Escribesek atzo egin zituen adierazpenaren arabera, hiru edo lau inbertitzailerekin ari dira lanean, eta sei edo hamabi hilabeteko epean inbertsioa egin beharko luketela esan zuen. Llordenek aukera horri erantzun dio: “Sei edo zortzi hilabete beharko lituzketela. Beste modu batera esanda, ontziola itxita eta langileak kaleratuta daudenean iritsiko litzateke inbertitzailea”. Bere ustez une honetan zuzendaritzaren asmoa “langileak sakrifikatzea” izango litzateke ondoren iritsiko litzatekeen inbertitzaileak zein behargin hartu erabakitzeko. “Hori ez dugu inondik inora onartuko”.
Van Oord armadoreak dragaontzia Sestaon amaituko ez duenez, ontziola ez ixteko aukera bakarra behin eta berriro aldarrikatzen ari diren aukera dela esan du Llordenek. Hau da, Espainiako Gobernuak eta Jaurlaritzak “ontziola erostea”. Borondate politikoa eskatu die bi aldeei, Ezkerraldeko lanpostuen alde lan egiteko. “Ontziola salbatzen ez bada, hilabete edo hilabete eta erdiko epean kaleratze gutuna etxean jasoko dugu”.
Aukera hori bultzatzeko langileek mobilizazioei eutsiko die. Datorren asteazkenean Iberdrola dorrearen parean kontzentrazioa egingo dute, eta abenduaren 1ean manifestazio “handi” batera deitu dute. Alderdi politiko eta sindikatu guztiek babestuko duten mobilizazioa Jesusen Bihotzaren plazan hasi, eta Arriaga antzokian amaituko da.