Navalek ferry handi bat egiteko sinatu berri duen kontratuak bi urteko enplegua bermatzen duela dio enpresa zuzendaritzak, baina kontratu hori lortu izanak "ongi" baloratzen duen arren, Navaleko Langile Batzordeak dio ez dela nahikoa enplegu guztia bermatzeko.
Martxotik ez da jarduerarik Navalen, eta Herbeheretako enpresarekin egindako akordioak egoera irauliko du Ibaizabaleko ibarreko nasetan; baina nahiz eta egoera larria "arindu", ez du bere osotasunean desagerraraziko Batzordearen ustez.
Lan erregulazio dosierrekin lau urte daramatzate Navalek, eta hala gogorarazi du Batzordeak. "Ez diogu uko egingo denentzako enplegua egoteari". 236 behargin daude Sestaoko ontziola historikoan. Ezkerraldean enplegua sortzeko motor nagusia Naval dela gogorarazi dute langileek, eta sektorean puntako enpresa dela Naval.
EAJk "larrua utzi du"
Izaskun Bilbaok (EAJ) adierazi du bere alderdiak "larrua utzi" duela Bruselan 'tax lease'-aren auziak sortutako zalantzazko egoera konpontzeko. Gasteizen egin ditu adierazpenok, Europako Parlamenturako hauteskunde kanpainaren baitan. Naval ontziolak kontratua sinatu izana "albiste ona" dela esan du Bilbaok, ospatu beharrekoa, eta baieztatu du "Euskadik funtzionatzen duenaren adibidea" dela.
Ontzigintza sektorearekin batera Bruselan egindako lana azpimarratu du EAJko kideak. "Bi urte baino gehiagoz egindako lan isilari esker, ontziolek itxaropena berreskuratu dute eta kontratu berriak sinatzeko aukerak handitu dituzte". Ildo horretan, talde lanak bere fruituak ematen dituela, eta krisiaren aurkako "antidotorik onena" dela baieztatu du.
PSEk, berriz, "benetan inplikatzea" eskatu dio Iñigo Urkulluri eta Eusko Jaurlaritzari. "Ezin du ikusle huts izan. Inplikazioak benetakoa izan behar du, ez propagandazkoa edo gauzatuko ez diren planena". Ontzioletako jabeekin eta sindikatuetako ordezkariekin lobby edo presio taldea sortzera deitu du Jaurlaritza, ontziolen sektorea "estrategikoa" delako haren iritziz. Horrez gain, ontziolako jabeei lan karga gehiago lortzeko inplikatzea ere eskatu die.