Espainia

Nazioarteko Diru Funtsak %10eko soldata jaitsierak proposatu ditu Espainiarentzat

Enpresek Gizarte Segurantzari egin beharreko kotizazioak jaistea eta BEZa igotzea proposatu du Christine Lagardek zuzentzen duen erakundeak, enplegua sortzeko modu gisa.

2013ko abuztuaren 2a
19:07
Entzun

Komenigarria litzateke, Espainiako enpresariek kontratazioak areagotuko dituztelako hitza emango balute, langileen soldatak %10 murriztea. Hala uste du Nazioarteko Diru Funtsak, eta halaxe jakinarazi dio Espainiako Gobernuari. Beste proposamen batzuk ere egin ditu, hala nola enpresek Gizarte Segurantzari egin beharreko kotizazioak murriztea, eta neurri hori onartu eta bi urtera BEZa igotzea, soldata txikiagoek erosahalmenean hain gogor jo ez dezaten. Horrelako neurrien bitartez, %3ko defizit mugarekin 2018. urtean betetzeko aukerak areagotuko lituzke Espainiak, diru erakundearen arabera.

Funtsak egindako azterketan, langabeziaren datu gogor bat islatu dute: 2019. urtera arte, langabezia tasa %25etik gorakoa izango da Espainian. Beharrezkotzat jotzen du Espainiako barne malgutasuna areagotzea, lan kontratu motak gutxitzea eta martxan dauden lan politikak hobetzea. Horretarako, negoziazio kolektiboaren erreforma sakona egitea proposatu du. Hortaz, soldatak %10 murriztuz, Gizarte Segurantzari egin beharreko ordainketak %1,7 gutxituz eta BEZa handituz, BPGaren igoera %5 izango litzateke 2016. urterako; langabezia tasak %6 eta %7 bitarte jaitsiko litzatekeela kalkulatu du, halaber, Nazioarteko Diru Funtsak.

Lagarderen erakundeak gaineratu du Espainiako politika aldatuko ez balitz 2018. urtera arte atzeratuko litzatekeela BPGaren hazkundea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.