“Finantza krisiari aurre egiteko mundua bat egin duen eguna da gaurkoa”, adierazi du Gordon Brown Erresuma Batuko lehen ministroak G20ren Londresko bilera amaitu ostean. Espero baino neurri garrantzitsuagoak hartu dituztela jakinarazi du Brownek.
NDF Nazioarteko Diru Funtsari 500.000 milioi dolar jasoko ditu laguntza behar duten herrialdeei laguntzeko. Batez ere, Europako ekialdeko herrialdeak dira finantza krisiak gogor jo ostean, laguntza horren beharrean daudenak.
Horrez gain, paradisu fiskalen zerrenda publiko egingo dutela jakinarazi dute. Gainera, OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak gardentasun arauak betetzen ez dituzten herrialdeei zigorrak ezartzea adostu dute. Diruaren zuritze eta sahieste fiskalak ekiditeko.
Horrez gain, bankuen eta bonoen erabileran kontrol gehiago ezarriko dituztela hitzartu dute. Besteak beste, protekzionismoari aurre egiteko ikuskaritza sistema bat eratuko dutela jakinarazi dute.
Ekonomiaren beherakadari aurre egiteko neurriak hartzeko beharra nabarmendu dute G20ko herrialdeek. Nazioarteko merkatuen berreskuratzeak bultzada handia jasoko duela iragarri dute Londresen: 250.000 milioi dolar nazioarteko merkatuei bultzada ematera zuzenduko dituztela adierazi du Alistair Darling Erresuma Batuko Ekonomia ministroak.
Bilerekin hasi aurretik inork gutxik espero zuen ganorazko akordioren edo ondorioren bat G20ren gaurko Londresko bileran. Izan ere, bileran parte hartu duten herrialdeek oso iritzi ezberdinak dituzte krisiari aurre egiteko moduez: Ameriketako Estatu Batuek (AEB), Erresuma Batuak eta Japoniak herrialdeek diru gehiago gastatzea nahi dute ekonomia suspertzeko; Alemaniak eta Frantziak, aldiz, araudi zorrotzagoak eta globalagoak nahi dituzte finantza sistema arautzeko.
Ezberdintasun horiek irudikatu egin zituzten atzo, goi bileraren bezperan: alde batetik, elkarrekin egin zuten agerraldia Barack Obama Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak eta Gordon Brown Erresuma Batuko lehen ministroak; bestetik, baita Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak eta Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak ere.
Brownek, desadostasunak ikusita, atzo esan zuen arazoa ezin dela aste batean konpondu. Hala ere hogei herrialdeek adostasun batera iristea lortu dute. G20k iazko azaroan egin zuen azken bilera, duela hiru hilabete eta erdi.
Pertsona bat hil da G20ko bileraren aurkako protestetan, Londresen
Protesta ugari izan zen atzo Londresen G20ko herrialdeek krisiari aurre egiteko asmoz gaur hasi duten bilera medio, eta 30 urteko gizonezko bat hil egin zen gauean, lurrera erori ostean. Gaur ere jende asko batu da batzarraren aurretik: ikasleak, ekologistak, sindikalistak...
Atzotik jadanik 86 pertsona atzeman ditu Poliziak, soinean poliziaren uniformea edukitzea, istiluak eragitea, drogak edukitzea edota "jokaera mehatxatzailea" izatea egotzita.
EkoNOMIA
Nazioarteko Diru Funtsak 500.000 milioi dolar jasoko ditu finantza krisiak kaltetutako herrialdeak laguntzeko
Paradisu fiskalen zerrenda publiko egingo dutela jakinarazi dute eta Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak gardentasun arauak betetzen ez dituzten herrialdeei zigorrak ezarriko dizkie. Horrela, diruaren zuritze eta sahieste fiskalak ekiditeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu