"Merkatu bakoitza ezberdina da eta enpresentzat behar-beharrezkoa da finantza hornitzaile egonkor bat izatea doazen lekura doazela". Premisa hori kontuan hartuta sinatu du Laboral Kutxak nazioarteko hitzarmena. National Cooperative Bankekin egin du akordioa, eta haren bidez, bi erakundeek konpromisoa hartu dute lankidetzan aritzeko eta beharrezko sinergiak ezartzeko. Hala, AEBetan aritzen diren enpresen garapena sustatzea eta lehiakortasuna hobetzea da helburua.
Finantza erakundeak jakitera eman duenez, Laboral Kutxako bezeroek National Cooperative Banken sare osoa izango dute euren eskura, besteak beste, kobrantzen eta ordainketen kudeaketa egiteko, epe luzerako proiektuak finantzatzeko edota bezeroen kobrantzak bermatzeko.
Martxoan ere beste hitzarmen bat sinatu zuen kooperatibak Parisen egoitza duen Credit Cooperatifekin. "Bi hitzarmenei esker, aurrerapauso handia eman da Laboral Kutxaren apustu estrategikoan, hau da, enpresa ertain eta txikiei nazioartekotze prozesuan laguntzeko bidean".