Bilboko epaitegi batek 12.000 euro ordainarazi dizkio NCG banketxeari, zoru klausula ezartzeagatik. Bikote bati pagatu beharko dio diru hori, eta aurreneko aldia da lurzoru klausula ezartzeagatik atzeraeraginez banketxe bat zigortzen dutela.
Interes tipoen jaitsiera saihesteko bankuek euren hipoteka kontratuetan jartzen duten gutxieneko interesa da zoru klausula. Euriborra ezarritako zorutik behera badoa, bezeroak ez du mesederik, bankuak ezarri dion minimoa ordainduko duelako. Hortik gora badoa, ordea, haren arabera pagatuko du.
Epaileak ebatzi du banketxeak ez ziola bikoteari interes tasaren beherakadaz baliatzen utzi. 1996an izenpetu zuten mailegua, eta bertan ezarri zuten %3,25eko interes tasa gutxienekoa. Bikoteak gero eskatu zuen klausula hori bertan behera uzteko, eta hala ez egiteagatik banketxeak eskuratutako dirua —11.973,10 euro— exijitu zuen. Diru hori ordainarazi dio orain epaileak banketxeari.