Ekonomia globalaren hazkunde aurreikuspena jaitsi du Nazioarteko Diru Funtsak (NDF), gaur argitaratu duen World Economic Outlook txostenaren udazkeneko alean. 2013. urtean mundua %2,9 haziko da, eta 2014. urtean, %3,6. Bi kasutan uztailean zituen kalkuluak murriztu ditu NDFk —hiru hamarren aurtengoa eta bi hamarren 2014koa—. Goraldian dauden ekonomien moteltzea espero baino handiagoa izaten ari dela ondoriztatu du funtsak.
"Krisiaren osteko susperraldiak aurrera jarraitzen du, baina oso motela izaten ari da”, azaldu du Olivier Blanchard Ekonomia kontseilariak txostenari idatzi dion sarreran. Egoerak okerrera egiteko arriskuak bere horretan segitzen duela ohartarazi du, gainera.
Ekonomia aurreratuei dagokienez, AEBek dute egoerarik indartsuena, hazkundea espero zen baino arinagoa izango bada ere —%1,6 aurten, eta %2,6 datorren urtean—. NDFren proiekzioek Obamaren gobernuaren itzalaldia laburra izango dela aintzat hartu dute. Hala bada, herrialdearen ekonomiari kalte “mugatua” egingo zaiola uste du. Hori bai, zorpetze muga luze gabe handitzeko akordiorik ezak “kalte larriak” eragingo lituzkeela ohartarazi du.
Euroguneko aurreikuspenak bere horretan utzi ditu NDFk —-%0,4 aurten eta %1 datorren urtean—, Alemaniaren bultzadari esker. Susperraldiaren zantzuak daude, baina oraindik finantza erakundeen egoerari buruzko zalantzak ez dira argitu. Europako Banku Zentralak bankuen aktiboei egingo dizkien azterketa berriek arrisku horiek argitzea espero du NDFk, eta banku batasuna indartzeko urrats gehiago eskatu ditu. Hazkundea indartzeko erreforma gehiago galdegin ditu, halaber. “Lan merkatuaren barruan eta kanpoan daudenen arteko jokalekua berdintzeko erreformak behar dira, eta zerbitzu nahiz produktu merkatuetarako sarbideak murriztea”, dio hitzez hitz txostenak.
Goraldian dauden herrialdeentzat bi erronka definitu ditu txostenak: hazkundearen moteltzea eta nazioarteko finantza baldintzen gogortzea. Hala, goraldian dauden ekonomia nagusienek azken urteetako hazkunde indartsuaren azpitik egotera egokitu behar dutela azpimarratu du.
Ondorio ezkorrak ere jasotzen ditu azterketak. “Posible da munduko ekonomia %3ren inguruan baino ez haztea epe ertainera, %4ra hurbildu beharrean”. Hori gertatzen bada, ekonomia aurreratuak urte luzez %0ko interes tasan “harrapatuta” geratuko lirateke. “Denboraren joanean ekonomia aurreratuen zorpetze maila kezkagarri handiak eta finantza zatikatzeak beste krisi batzuk eragin dezakete”, NDFren irudiko.
Bezperan, krisiari aurre egiteko asmoz martxan jarri ziren pizgarriak eta ezohiko neurriak erretiratzeko “plan koordinatua” eskatu zien funtsak banku zentralei. AEBetako Erreserba Federalak (Fed) pizgarri horiek kentzeko borondatea iragarri zuen joan den udan. Aurrerapen hutsak finantza merkatuak astindu zituen, eta gorabidean diren zenbait herrialdetan kapital ihesak eta moneta ezberdinen balio galerak eragin zituen.