NDFk finantza egonkortasunerako ohartarazi dituen arriskuak

2012ko urriaren 11
00:00
Entzun
1Okerrago. Ez du inolako zalantzarik Nazioarteko Diru Funtsak (NDF): eurogunea da finantza egonkortasun globalak duen arrisku nagusia. Konfiantzak ahul jarraitzen du, eta egoerak okerrera egin du joan den apiriletik

2Kapital ihesa. Diru batasunak dituen arrakalak kapital ihesarekin laburbildu ditu NDFk. Urtebetean — 2011. urteko ekainetik 2012. urteko ekainera — 296.000 milioi euro atera dira Espainiatik (BPGaren %27), eta 235.000 milioi Italiatik (BPGaren %15). Dirua Europako periferiatik atera da eta erdigunera joan da.

3Kreditu eskasa. Europako bankuak euren aktiboak erritmo azkarrean murrizten ari dira. 2011. eta 2013. urteen artean 2,8 bilioi dolar gutxiago izango dituzte, baina horrek kreditua %9 uzkurtuko du; batez ere, Europako periferiako herrialdeetan. NDFk esku artean dituen aurreikuspen txarrenak betetzen badira, aktibotan 4,5 bilioi galduko dituzte, eta kredituak %18 egingo du atzera. Kopuru «itzela» dela ohartarazi du txostenak.

4Arrisku sariak. Herrialde batzuen arrisku saria zergatik igo den hainbeste aztertzen saiatu da NDF. Ondorio argia ere atera du: Espainiako eta Italiako arrisku saria, gutxienez, 200 oinarrizko puntu txikiagoa izan beharko litzateke, luzera begirako estatistika ereduak aintzat hartuta.

5Ekintzarako unea. «Denbora ez dago gure alde», adierazi du Jose Viñals NDFko finantza aholkulariak. Egoerari neurriko erantzun politikoa ematen ez bazaio, Espainiako ekonomia %3,2 erortzeraino irits liteke 2013an, eta Italiakoa, %2,3. Zor publikoaren interesak gora egingo luke, finantzaketa ia ezinezkoa bihurtuz. Espainian 750 oinarrizko puntura, eta Italian, 700 puntura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.