Negarrak beste 59 langile erantsiko dizkio langabeziaren hazkundeari

Galerak eta eskarien jaitsiera arrazoituta, lan egindako urte bakoitzeko hogei eguneko kalte-ordainarekin botako ditu langileakOtsailean baino 2.196 langabe gehiago daude Hegoaldean, eta %15,7koa da tasa

2012ko apirilaren 4a
00:00
Entzun
Ez dira garai onak enpleguarentzat. Martxoan ere hazi egin da Hego Euskal Herrian lanik gabe daudenen kopurua. Eta joerak ez du aldatzeko itxurarik, Espainiako Gobernuak otsailean onartutako lan erreformak erraztu eta merkatu egin baitu kaleratzea. Igorreko (Bizkaia) Negarra enpresako zuzendaritzak badaki hori, eta prest du lantaldearen herena kaleratzeko dosierra. Tximinia eta termo elektrikoen fabrikatzaile horrek 177 langileetatik 59 botako ditu, lan araudi berria baliatuta. CCOO sindikatuak esan du hori egingo duen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lehen enpresa handia dela.

Lan erreformak dio aurrerantzean erregulazio dosierrak ez dituela Administrazioak baimendu beharko; nahikoa izango dela enpresak justifikatzea hiru hiruhilekotan jarraian jaitsiera izan duela diru sarreretan. Horrek bidezko egiten ditu kaleratzeak, eta enpresak lehen baino askoz kalte-ordain txikiagoa emanda kaleratu ditzake langileak. Hain zuzen, horixe egingo du Negarrak. Dosierra arrazoitzeko, iaz galerak izan zituela eta aurten eskarietan jaitsiera izan duela esan du. Hala, lan egindako urte bakoitzeko hogei eguneko kalte-ordainarekin konformatu beharko dute 59 langileek, hamabi hilabeteko gehienezko mugarekin.

CCOOren arabera, kaleratzeen berriak ustekabean harrapatuditu langileak: «Kolpe latza hartu dute, ez baitzuten uste enpresak horrela salduko zituenik eta horren ondorio traumatikoekin». Zuzendaritzaren asmoen berri izan aurretik, langile batzordeak —CCOOko zortzi kidek eta LABeko batek osatzen dute— zuzendaritzari negoziatzeko aukera eskaini zion, bolada txarra gainditzeko neurriak guztien artean hitzartzeko eta, noski, kaleratzeak saihesteko.

Zuzendaritzak, ordea, ez ei zuen negoziatu nahi orduan, ezta orain ere. «Kaleratzeak saihesteko bide bakarra dagoela eta hori konkurtso legera jotzea dela, ez digu besterik esan»,argitu du CCOOk. Langileen batzordearen ustetan, baina, enpresa «xantaia» egiten ari zaie, eta ez daude onartzeko prest.

Sindikatu horren arabera, kalean geratuko diren zenbait langilek 55 urte inguru dituzte, beste lan bat topatzen hasteko oso adin txarra. Kaleratzeko zerrendan daudenen artean bada enpresan 35 urte baino gehiago daramanik ere. Langile bati baino gehiagori, berriz, udako oporrak ziurtatu eta bi egunera eman ei die zuzendaritzak kaleratzearen albistea.

Gaur langileek batzarra egingo dute lantegian bertan, kaleratzeen kontra protesta egiteko mobilizazio kanpaina hitzartzeko. CCOOk aurreratu duenez, enpresari dosierra erretiratzeko eta negoziatzera esertzeko eskatuko diote.

Langabezia %8 hazi da iaztik

Martxoan ere gora egin du langabeen kopuruak Hego Euskal Herrian. Lanbideren eta Nafarroako enplegu zerbitzu publikoaren bulegoetan 213.470 lagunek daukate izena emanda, otsailean baino 2.196 gehiagok (%1) eta iazko martxoan baino 16.614 gehiagok (%8,4). Dagoeneko %15,7koa da langabezia tasa.

Langabe kopuruaren igoera, baina, ez da orokorra izan. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bai, hiru herrialde horietan hazi egin da zenbatekoa; Nafarroan, ostera, ez, otsailean baino 392 lagun gutxiago daude langabeen zerrenda beltzean.

Sindikatuek Mariano Raxoiren gobernua egin dute langabezia haztearen erantzule, otsailean egindako lan erreformagatik. ELAren esanetan, «gobernuek langabezia eta pobrezia gehiago dakarten erreformen alde egiten jarraitzen dute, baita murrizketen alde ere, nahiz eta enpleguarentzat eta babes sozialarentzat kaltegarriak izan». Horregatik, politiken norabidean erabateko aldaketa eskatu du sindikatu abertzaleak, martxoaren 29ko grebaren arrakastaren babesarekin.

CCOOren ustetan ere, martxoko langabezia datuek agerian uzten dute egoeraren larritasuna. Erreformaren porrotaren erakusle direla iritzita, erretiratzeko eskatu dio Madrili. Ildo beretik mintzatu da UGT ere. Nabarmendu du, gainera, lanik gabe daudenen %45ek ez dutela inolako laguntzarik jasotzen eta gizarte babeserako sistemak indartu ezean bazterkerian erortzeko arrisku larrian leudekeela pertsona horiek guztiak.

Eusko Jaurlaritzak, aldiz, martxoko datuen alderik baikorrenak azpimarratu ditu. Javier Ruiz Lan sailburuordearen hitzetan, «Euskadi da azken urtean langabeziaren hazkunde txikiena izan duen bigarren erkidegoa, Kataluniaren atzetik».

Aralarrek, aldiz, «oso kezkagarritzat» jo ditu langabeziari buruzko azken datuak. Erakunde eta indar politiko guztiei eskatu die enplegua sortzeko helburuaedozeren aurretik jartzeko eta lehentasunezko akordioak bilatzen saiatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.