Asturiasera joatea edo borondatezko irteerak onartzea. Beste aukerarik ez dute gaur-gaurkoz Zumarragako Arcelor Mittalen 321 langileek (Gipuzkoa). Multinazionalak astebeteko epea jarri die erabakia hartzeko —hilaren 15era arte—, baina langileek elkarrizketei eusteko itxaropena dute oraindik. Printzipioz, etzi —10:00etan—dute negoziazio aldia ofizialki ixteko azken bilera, eta hura baliatuko dute langileek luzapen bat eskatzeko. Zintzilik geratu diren gaiez eztabaidatu nahi dute. Hori aldarrikatzeko, kalera irten dira goizean, eta Zumarraga-Urretxuko Areizaga plaza bete dute.
Oraingoz, 21 langileren erretiro aurreratuak baino ez dituzte adostu. Borondatezko irteerak hautatzen dituztenei lan eginiko urteko 45 eguneko kalte-ordaina jasotzea eskaini die enpresak, 42 hilabeteko mugarekin. 2012ko otsailetik aurrera, 33 eguneko kalte-ordaina jasoko lukete. Asturiasera joatea erabakitzekotan, 25.000 euroko laguntza eta antzinatasunaren araberako kalte-ordainak emango dizkiete, soldaten arteko aldeari aurre egiteko. Proposamen horiek, baina, "ez dute ezer konpontzen", langile batzordeko presidente Leo Botek (CCOO) azaldu duenez. "Eta okerrena: ezer gabe geratzeko mehatxua egin digute".
Ziurgabetasun erabatekoa
Arcelorren "txantai dramatikoa" arbuiatu dute langileek: "Iruzur egin digu. Ez da justua baldintzarik jakinarazi gabe, astebetean bizitza markatuko digun erabaki garrantzitsu bat hartzera derrigortzea". Hori dela eta, negoziatzeko aldia luzatzeko eskatuko diote enpresari, jakinda lekualdatzeak ez dituztela irtenbidetzat jotzen. "Ez dakigu nora, nola, noiz eta zeren truke joango garen. Seme-alabak ere ezin ditugu ikastetxean matrikulatu, ez baitakigu non biziko garen. Ziurgabetasuna erabatekoa da".
Hiru hilabete igaro dira multinazionalak Zumarragako lantegia ixteko bideari ekin zionetik, eta langileek salatu dute atzera bota dituela orduz geroztik aurkeztutako alternatiba industrial guztiak. "Proposamenak aztertzeari ere uko egin dio. Agerian geratzeko beldur da". Boteren hitzetan, ekoizpena "deskokatu" nahian ari da Arcelor, borondatezko irteerak lehenesten, baina langileak sinetsita daude posible dela proiektu errentagarri eta bideragarri bat aurrera ateratzea. "Horretarako, ordea, lantegiaren aldeko apustua eta borondatea ezinbestekoak dira".
Jaurlaritza eta Arcelor, "elkar elikatzen"
Erakunde publikoen "babesgabetasunaz" ere oso kritiko mintzatu da Aitzol Cajaraville (LAB), Zumarragako langileen izenean. "Alde batean utzi gaituzte, zortearen menpe". Kezka eta etsipena agertu, eta mezu zuzena igorri dio Arantza Tapiari: "Non geratu dira garai bateko argazki irribarretsuak?". Sailburuak lantegiari eusteko behar bezain beste egin ez duela uste du batzordeak, hitzemandakoa bete ez duelakoan. "Pazientziaz itxaron dugu, baina azkenean ez kanpo ikuskaritzarik, ez plan aldaketarik, ez itxiera saihesteko konpromiso juridikorik, ezta bideragarritasun planik ere. Gobernuak ez du neurria eman. Lotsagarria da".
Kontraesana iduri lezakeen arren, langileek deritzote Jaurlaritza eta Arcelor "elkar elikatzen" direla haien jarrerarekin. "Amore ematea eta plantaren itxiera onartzea nahi dute, ez besterik". Baina ez dute lortuko, muturreraino borrokatuko dutela agindu baitute beharginek. Horren harira, Arcelor gehiago ez finantzatzeko exijitu diote Jaurlaritzari, eta haren "injustiziei" aurre egiteko beharrezkoa balitz, legea aldatzeko: "Ez genuke ulertuko diru publikoa erabiltzea gure kaleratzeak ordaintzeko".