Herrialdeko hitzarmenak babestuko lituzkeen Espainia mailako ituna egin dute CCOO eta UGT sindikatuek Confemetal patronalarekin metalaren sektorean, Euskal Herrian industria alorrean langile gehien biltzen duen sektorean. Eta Madrilen sinatutako hitzarmenak eragin zuzena izango du Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako metalgintzako itunetan, hasteko haiek indarrean daudela bermatzen duelako, epaitegietako gatazkatik harago.
ELA sindikatuarentzat "estatalizazioan beste urrats bat" egitea dakar akordio horrek. Euskal beharginen lan baldintzak Espainia mailan negoziatzeko ateak irekitzen ditu, Zapateroren lan erreforma lagun; "eta, jakina, Teruelgo metaleko langile batek eta Gipuzkoako batek desberdintasun handiak dituzte; azpitik berdintzeko saioa da hau, finean", esan dio BERRIAri Unai Martinez Industria ataleko buruak.
Akordioari buruzko aktan jasotako adierazpenak "oso larriak" direla dio ELAk: "CCOOk dio are urrunago joan nahiko lukeela, eta UGTko kideek, berriz, unea baliatu nahiko luketela lurralde desberdinetako soldatak bateratzeko". Bai batak eta bai besteak espero dute posible izango dela "hurrengo hitzarmenean gai honetan eta beste batzuetan aurrera egitea”. Hala, Martinezen ustez, "lan baldintzak estatalizatzeko obsesioaren ondorio bakarra da hitzarmen horien eraginpean daudenentzako miseria". Finean, CCOOk eta UGTk Euskal Herriko metalgintzaren negoziazio zentroa kanpora eramatea nahi dutela dio ELAk.
Hego Euskal Herrian ordezkaritza gehien duen sindikatuak eskaera zuzena egin die Gasteizko eta Iruñeko gobernuei eta bi parlamentuei: "Defendatu dezatela geure lan-harremanetako markoa eta aurre egin diezaiotela CCOOk, UGTk eta patronalak ezarri nahi duten estatalizazioa. Euskal Herriko negoziazio eremuak defenditzea autogobernuaren alde egitea ere badelako".