Negoziazio kolektiboaren erreforma «larria» datorrela dio LABek

CCOO eta UGT erkidegoetako eta lurraldeetako itunak kentzearen alde daudela salatu du sindikatuak

Erredakzioa
Bilbo
2010eko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Ekainean onartutako lan erreformak, berez, negoziazio kolektiboari «kalte larria» egiten diola askotan salatu izan du LABek azken hilabeteetan. Izan ere, lan hitzarmenetan adostutakoa ez betetzeko erraztasunak ematen dizkie enpresaburuei; soldatetan zein bestelako lan baldintzetan. Sindikatuak, alabaina, hitzarmen kolektiboen negoziazioaren kontrako «eraso berriak» bidean egon daitezkeela ohartarazi du: «Erreforma berria prestatzen ari dira, Euskal Herriko langileen kontrako eraso oso larria izan daitekeena».

Erreforma berri honen gaineko albisteak «tantaka eta komunikabideen bidez baino ez» dutela jasotzen gaitzetsi du LABek. Hala ere, negoziatzen ari direnaren inguruko zertzeladak ezagututa, CCOOk eta UGTk erkidegoetako eta lurraldeetako lan hitzarmenak desagerraraztearen alde daudela esan du.

Horrek lan harremanak are gehiago okertzea ekarriko duela eta negoziazio kolektiboari eraso egiten diola salatu du sindikatuak. Esparru berri horretan lan hitzarmen guztiak Madrilen negoziatuko lirateke, sektoreko itunak Espainiakoekin ordezkatuz. Horiek soldata, berme eta baldintza eskasagoak dituztela gogorarazi dute.

LABen ustez, lan esparruaren egoera «gero eta kezkagarriagoa da», erreforma guztiak bide berean egiten dituztelako: «Patronalari ahalmen handiagoa ematea eta lan baldintzak okertzea». Euskal Herriko langileei, gainera, neurri horiek Madrildik inposatzen zaizkiela salatu du sindikatu abertzaleak.

Espainiako Gobernuak egiten duen urrats bakoitzak lan harremanak zentralizatzeko helburua duela eta, halako erreforma onartzekotan, Euskal Herriko langileak erantzuna ematera kalera aterako direla ziurtatu du.

Madrilgo legebiltzarkideekin

ELAko buruzagi Adolfo Muñozek eta Galiziako CIG sindikatuko idazkari nagusi Xesus Xeixok Espainiako Legebiltzarreko talde politikoetako ordezkariekin batzartuko dira gaur, lan erreformaren inguruan hitz egiteko.

Talde desberdinei lege proiektuaren inguruan sindikatuek duten iritzia azalduko diete, eta, horrez gain, lan erreformari buruzko adierazpen komuna egingo dute Madrilen ELAko eta CIGeko idazkari nagusiek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.