Lan hitzarmenak

Negoziazio kolektiboaren estatalizazioa "demokraziaren kontrako erasoa" da, ELAren ustez

Sindikatuak dioenez, "ez dago autogobernurik lan baldintzak hemen erabakitzeko aukerarik ezean".

ELAren batzorde eragilearen agerraldia. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS
gotzon hermosilla
2016ko apirilaren 4a
08:08
Entzun

ELAren Batzorde Eragile osoa agertu da hedabideen aurrean, negoziazio kolektiboaren estatalizazioaren gaiari ematen dioten garrantziaren seinale. Joan den astean metalgintzaren arloan Espainiako patronalak, CCOOk eta UGTk estatu mailako hitzarmena sinatu izanak piztu ditu alarmak, baina ostalaritza, sukaldaritza, merkataritza, eraikuntza eta beste zenbait sektoretan gertatzen ari dena ere azaldu dute estatalizazio prozesu horren adibide gisa. CCOO eta UGTren jarrera kritikatu dute ELAko Joseba Villarrealek eta Adolfo Muñozek, Euskal Herrian eta Madrilen bi diskurtso eta jokabide desberdin dituztelakoan, eta "hauteskunde sindikalek ematen ez dieten ordezkaritza" modu horretan lortu nahi izatea leporatu die.

EAJ eta Eusko Jaurlaritza ere kritikatu dute: esan dutenez, 1994an lan hitzarmenen negoziazioa Espainiara eramateko beste saialdi bat egon zenean, EAJk "duin" jokatu zuen eta azkenean lortu zuten asmo hori gelditzea. EAJren jarrera politikoetan "atzerakada oso larria" egon dela uste du ELAk. Sindikatuak iragarri du ahaleginak egingo dituela lan hitzarmenen negoziazioaren estatalizazioa bertan behera geldi dadin. Auzubidera joko dute, eragile politikoengana jotzeko asmoa ere badute, eta bilerak eskatuko dituzte Iñigo Urkullu eta Uxue Barkosekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.