Sindikatuak

Negoziazio kolektiboaren "muga" gaindituko du LABek aurrerantzean bere borrokan

Lan harremanen arauak "goitik behera" aldatu direla esan du Etxaidek, eta egoera berriaren aurrean "sindikalismo berria" gauzatuko dutela.

LABeko ordezkariek gaur eginiko agerraldia. ARGAZKI PRESS
xabier martin
2015eko maiatzaren 27a
08:19
Entzun

Sektore arteko borroka sindikala ez da erreferentzia nagusia dagoeneko LAB sindikatuarentzat. Gaur egungo errealitatea "goitik behera" aldatu dela esan du Ainhoa Etxaide idazkari nagusiak, eta egoera berriaren aurrean "sindikalismo berria" gauzatuko dutela iragarri. Negoziazio kolektiboa "lapurtu" egin dietela esan du, eta aurrerantzean "hura gaindituz" ariko dira ekintza sindikala gauzatzen. Non? Multzo jakinetan. Esate baterako, sektore feminizatuetan, azpikontratetan, eraikuntzan, enpresa handietan, txikietan eta publikoetan. 

Alegia, LABek sindikalismoa "berrasmatzeko eta berrindartzeko" bidea hasi du, eta negoziazio kolektiboari "uko egin gabe" langilean oinarrituko da bere ekintza sindikala, langile jakinetan, soslai zehatzetan. Garbiketako sektorean eta ostalaritzan modu desberdinetan eragin ordez, "sektore feminizatu diren aldetik" bietan batera ariko dira, adibidez. Borroka horrek enpresa itun bat edo itun kolektibo bat ekartzen duen ez du garrantzirik Etxaiderentzat, langileen egoera eta lan baldintzak hobetzea baizik.

"Ez dugu sindikatua gure diskurtsoaren oinarrian jartzen, langilea baizik. Ez dugu LAB helarazten, langileen errealitate zehatzak baizik". Patronalak eta gobernuek ekarritako "murrizketek" eragindako arau aldaketei sindikalismotik eragiteko "modu berriekin" erantzun nahi die LABek, enpresaz enpresa, langile multzo jakinetan sakonduz. "Prekaritatea borrokatzea da helburua", esan du Garbiñe Aranburu LABeko Negoziazio Kolektiborako arduradunak; "batzuk zuzenean hasten dira prekaritate horretan, eta besteak gutxika doaz hara. Ez daude langile desberdinak. Egoera goitik behera aldatzeko ezin dugu negoziazio kolektiboaren mugen barruan segitu bakarrik".

Sindikalismo berria sozializatzen

Sindikatu abertzaleak 100.000 diptiko banatuko ditu enpresetan bere ordezkarien bidez uda arte, bere jarduteko modu berria azaltzeko. Informazio orri horretan Sara eta Mikel ustezko bi langile dira protagonistak, eta euren arteko elkarrizketan gaur egungo egoera konplexua azaltzen dute, oso modu didaktikoan. "Gure erreferentzia nagusiak lana banatzea eta soldata duinak eskatzea izango dira. 35 orduko lanaldia defendatzen dugu, eta gutxieneko 1.200 euroko soldatak. Hori gabe langile pobreak gero eta gehiago izango dira".

Finean, LABek erabaki du bere ekintza sindikala beste modu batera egitea, orain arteko dinamikak "ezin duelako eraginkortasunik izan" egungo errealitatea ez delako orain urte batzuetakoa. "Batzuek diote sindikalismoa zaharkitua dagoela, eta besteek nahi dute sindikatuak bakarrik bake soziala bermatzeko egotea. Horren aurrean guk diogu sindikalismo berri baten bidez errealitatea goitik behera alda daitekeela, eta ekintza sindikala beste modu batera eginez horretara goazela", azaldu du Etxaidek.

Langileak "bere tipologiaren arabera berrantolatzea" ekarriko luke jarduera berri horrek, multzo desberdinetan ekintza sindikal desberdina gauzatuz. "Langile prekarioak aktibatu behar ditugu, eta, horretarako, langileak jarriko ditugu gure diskurtsoaren oinarrian, ez sindikatua. Errealitateez hitz egingo dugu, ez hitzarmenez".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.