Bi aldarrikapen nagusi ditu LABen eskaerak. Lehena, Ipar Euskal Herri mailako eremu sozioekonomiko iraunkor bat sortzea. Gaur egun, datu guziak Pirinio Atlantikoetako departamendu mailakoak dira, eta kasik ezinezkoa da Ipar Euskal Herriko egoeraren berri jakitea —langabeziaren datuak, sindikatuen ordezkaritzak…—. Halaber, Euskal Elkargo mailako batzorde parekide bat nahi du sindikatu abertzaleak, Frantziako Lan Kodeak 2014tik baimentzen duen gisan. Hori lortzeko bidean, Ipar Euskal Herri mailako ordezkaritzaren datuak eskuratzeko lan egin dezala eskatu dio elkargoari.
Funtzio publikoko langileentzat ere badu proposamenik LABek: Ipar Euskal Herri mailako kudeaketa zentro bat sortzea —gaur egun, departamenduak kudeatuak dira Ipar Euskal Herriko herriko etxe gehienetako funtzionarioak—. "Hori ahalbidetzeko legedia aldatu bitartean, herriarteko batzorde tekniko parekide bat sortzeko eskatzen die LABek Euskal Elkargoko hautetsiei, 50 pertsona baino gutxiagoko egituretako agenteentzat", idatzi du sindikatuak Etxegarairi helarazitako gutunean. Alde horretatik, Euskal Elkargoak eskumen sozial guziak bere egitea nahiko luke, ardura hori departamenduari utzi gabe, elkargoak berak kudea ditzan bere agenteak. "Ipar Euskal Herriak, gai bada dituen 300.000 biztanleak kudeatzeko, gai izan beharko luke bere agenteen afera tekniko eta administratibo guziak kudeatzeko, lurraldearen errealitatearen arabera prestatzeko, eta, gisa horretan, hurbileko eta kalitatezko zerbitzu publiko hobe bat eskaintzeko".