Negoziazioak azkartu dira Mercedesen

Gaur eta bihar harremanak izango dituzte sindikatuek eta enpresak, baina zaila da akordioa ixtea produkzioa eten aitzin

Erredakzioa
2003ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
Astebetean lau bilera egingo dituzte Mercedes-Benz enpresako zuzendaritzak eta Langileen Batzordeko ordezkaritzak. Bilerak astertean abiatu ziren, batzordearen ekimenez; atzo beste bat egin zuten, eta gaurko eta biharko ere hitzordua dute bi aldeek.

Gauzak aldatu dira, eta, ELAko iturriek azaldu dutenez, negoziazioak «bide onetik» doaz. «Akordioa lortzetik urrun gaude, baina hurbilketa badago, edo, gutxienez, elkarrizketa badago, lehen ez bezala».

Sindikatuen ustez, enpresak jarerra irekiagoa du, orain arte ukitu ere nahiz ez zituen gaiei buruzko proposamenak egiten baititu. Hain zuzen ere, Lengileen Batzordeak ezinbestekotzat jotzen du malgutasuna, produktibitatea eta sailkapen profesionalak aztertzea. Enpresak, alta, uko egiten zion planteamendu horri.

Batzordearen ekimenari esker, gainditu dute etenaldia. Malgutasunari buruzko proposamen bat helarazi zien atzo enpresak sindikatuei. Langileen ordezkariek, berriz, atzo bertan sailkapen profesionalen inguruko errebindikazioak aurkeztu zizkioten. Hitzorduek ez dute etenik izango, eta gaur eta bihar goizean Mercedes-Benzeko arduradunek eta Langileen Batzordeak negoziatzen segituko dute.>

Bihar produzkioa etengo dute, hilabete batez

Elkarrizketa azkartu bada ere, ez da erraza izango bi aldeak ados jartzea. Malgutasunaren kasuan, esaterako, enpresak ez ditu inolaz ere onartu nahi sindikatuek eginiko eskaera batzuk. Besteak beste, lan egindako egun estra bakoitzeko bi opor eguneko konpentsazioa emateari ezetz esan dio Mercedesek.

Denbora da orain zamarik handiena. Oporrak direla eta, bihar produzkio lerro guztien jarduna etengo da ibilgailu multinazionalak Gasteizen duen lantokian. Irailaren 22a arte iraungo dute horrela. Akordioa lortu ezean, negoziazioak ere hilabete batez etengo dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.