Azpeitiko Corrugadoseko eta Lasaoko Corrugadoseko 38 langile kaleratzeko espedientea asteartean aurkeztuko du Gallardo Taldeak, eta hura negoziatzeko lehen bilera ostiralean izango dute zuzendaritzak eta langileek. “Negoziaketetara ez goaz prezioa jartzera, ezta gutxiago ere. Gu enpresa aurrera ateratzeko helburuarekin goaz”, adierazi du Imanol Arrojeria langile batzordeko ELAko ordezkariak. Gaur eguerdian egindako manifestazioan, hasierako helburuei eusten dietela berretsi dute, enpleguaren aldeko mobilizazio gehiago egingo dituztela iragarriz. Eskualdearen babesa jaso dute.
Bi lantegietakoak batuta, 338 langile kaleratu nahi ditu Gallardo Taldeak. Espero zitekeen bezala, jendetsua izan da protesta. Laranja koloreko kamisetekin ziren langileak, eta inguruan senide ugari. Eskualdeko enpresa handiena izaki, guztiek ezagutzen dute han lan egiten duen norbait. Hala, babesa ematera joandako herritarrak ere asko ziren. Azpeitiko eta Azkoitiko alkateak ere bertaratu dira. “Kezkatuta gaude, kaleratze zuzenez gain, zeharkako ondorioak ere handiak izango dira, eskualde osoari eragingo dio”, zioen Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak. Arduraz jokatzeko eskatu dio enpresari, eta “berriz pentsatzeko kaleratzeei buruz”.
Sindikatuetatik ere ordezkaritza handia joan da. Han ziren, esaterako, Amaia Muñoa ELAko idazkari nagusiaren ondokoa eta Unai Martinez metaleko arduraduna, eta Jon Ander Goñi LABeko metaleko arduraduna eta Asier Imaz industria saileko arduraduna. “Ez, ez, ez, kaleratzerik ez”, “Gallardo entzun, zu zara errudun” eta “BBVA lapurrak” oihu artean egin dute ibilbidea.