Negozio gutxirekin. Horrela abiatu zen, atzo, Makina-erremintaren 27. Biurteko Azoka. «Lehenengo eguna da, eta oraindik motorrak berotzen ari gara», zioen Jesus Bravok, Trumpf enpresako ordezkariak. Akordio eta harremanak lortzen hotz hasi zen biurtekoa, baina ikasle eta gazte jendearen begiradaren berotasuna sumatu zen. «Ezagutzen ez genituen makina asko ikusten ari gara, eta horiek ezagutzea denontzat da ona, ikasleentzat eta irakasleontzat», Iñigo Bilbao Otxarkoagako heziketa zentroko irakaslearen esanetan. Makina-erremintaren azokako lehen kontsultak, beraz, ikasleen aldetik iritsi ziren atzo.
Datozen egunetan, eta batez ere aste amaiera aldera, jende gehiago inguratuko dela aurreikusten dute sektoreko enpresarioek. Baina aurreko edizioan baino «poztasun» gutxiagorekin helduko dira, Fagorreko Jose Mari Larrañagaren ustez. Giro hotzagoa sumatu du. «Jendea ukituta dago, eta egoera ez da hobea. Saltzea zaila egongo dela ematen du». Baina ez da aurreikuspen beltz hori egiten duen bakarra. Zorrotz enpresako Karlos Benitez ere horretan da: «Hemen bezero berriak egitea zaila da, baina dauzkagun bezeroek, gutxienez ikusi gaitzatela. Horregatik, egungo egoeran, hobe da hemen egotea, ez egotea baino».
Esportazioaren indarra
Makina-erremintaren sektorea goranzko bidean dago une honetan. Hego Euskal Herriko eta Espainiako enpresek %27 hazi dute euren fakturazioa lehen hiruhilekoan, esportazioak %37,8 igo izanaren ondorioz. Azoka inauguratzeko BECen egin zen ekitaldian, ideia hori azpimarratu zuten erakundeetako ordezkari ezberdinek, tartean Jose Manuel Soria Espainiako Industria ministroak, edo Bernabe Unda Industria sailburuak. Biurtekoan dauden enpresa gehienek ere ideia hori aintzat hartu dute, eta ildo horretan ari dira lanean.
Azkoitiko (Gipuzkoa) Juaristi enpresan, esaterako, euren ekoizpenaren %95 kanpoan saltzen dute. «Barne merkatuan guk egiten ditugun makina handiak saltzea zaila da». Begirada Asian daukate jarrita, Txina edo Indian zehatzago esatearren. Legazpiko (Gipuzkoa) Zorrotz enpresan ere kanpora begira daude, batez ere. Ekoizpenaren %60 bidaltzen dute kanpoko merkatuetara, Alemaniara batez ere. «Iberiar penintsulako bezeroekin gaizki gabiltza, ordaintzeko arazoak ematen dituzte, eta egiten dutenean gainera, atzerapenarekin».
Industriak sare indartsu baten aldeko apustua egin behar dela azpimarratu zuen atzo Soria minitroak, «suspertze ekonomikoa heltzen denerako abiapuntu egokian egoteko». Sarea indartzeko sektore estrategikoa da makina-erremintarena, eta Hego Euskal Herrian osasuntsu dago. Horregatik, etorkizuneko apustua da. Hala uste du Jose Olmes ikasleak: «Urtebete daramat langabezian, eraikuntzan ez baitago lanik. Baina orain makina-erreminta dago indartsu, horregatik mekanizazioa ikasten ari naiz. Eskulan errazak amaitu dira, orain prestatu egin beharra dago».
Negozioa iristeko zain
Makina-erremintaren Biurteko Azoka atzo zabaldu zuten, jende gutxirekin eta ikasleen begiradapean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu