Ondotik pasatzen den ororen mintzagai bihurtu da, ezinbestean. Altueragatik, formagatik, itxuragatik. Ia bilbotar guztiek daukate hari buruzko iritzia: batzuentzat, gustuko, Bilboren neurrira egina; besteentzat, gehiegizko, areago krisi garaian. Azken urteotan, lurpetik jaiotzen ikusi dute, 165 metroko garaiera hartu arte hazten, beiraz janzten, eta Euskal Herriko enpresa garrantzitsuenetako baten izenaz orrazten: Iberdrola. Baina «abangoardiaz» eta «modernitateaz» gain, antolakuntza eta ekonomia eredu bat ere ekarriko du Bizkaiko hiriburura: negozio zentroa. Atzo inauguratu zuten Cesar Pelli arkitektoaren obra erraldoia, Bilboko eraldaketaren azken sinbolo bihurtua den Iberdrolaren dorrea.
Munduko bosgarren enpresa elektrikoaren egoitza sozial berria Bilbon ezartzeak «Iberdrolak Euskadin dauzkan sustrai sakonak» sinbolizatzen dituela adierazi zuen Ignacio Sanchez Galan Iberdrola taldeko presidenteak: «Baita gure erabakitzeko zentroak Espainian mantentzeko desio irmoa ere». Aurrean zituen, hain justu, Espainiako errege-erreginak, eta haiei mintzatu zitzaienhitzaldian, Borboi sendiak enpresarekin izandako harremana gogoan hartuta: «Enpresa independentea gara, globala eta espainiarra, egoitza Bilbon duena».
Inaugurazio ekitaldi laburra izan zen, baina bitxikeriarik utzi zuen. Adibidez, 400 lagunez osatutako gonbidatuen zerrendaren parte ziren Vicente del Bosque Espainiako futbol selekzioko hautatzailea —Iberdrolako Aholku Kontseiluko kide ere bada Gaztela eta Leonen— eta Josu Urrutia Athleticeko presidentea. Iraunkortasunaren sinbolo izan nahi duen eraikinaren barruan, Mediterraneo aldeko kliman aproposagoak liratekeen hiru olibondoren inguruan bildu ziren gonbidatuok, eta sarrera gela handiaren isiltasunean kanpokoen protestak entzuten ziren bitartean hasi zen Bilboko Koral Elkartearen emanaldia: monarkiaren ordezkariak liluratuta utzi zituen Pablo Neruda txiletar poeta komunistaren Oda a la Energía olerkiak, Joan Caberok musikatuta.
Galanek eta Juan Carlos I.a erregeak oroitzapen xafla desestali zutenean, alboan zituzten Jose Manuel Soria Industria ministroa, Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Arantza Quiroga Eusko Legebiltzarreko presidentea, baina erakunde publikoetatik dozenaka ordezkari bildu zen ekitaldira; izatez, Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak zinegotzi eta diputatu ia guztiak bidali zituzten, Iñaki Azkuna alkatea eta Jose Luis Bilbao ahaldun nagusia buru zituztela.
Han izan ziren, era berean, EAJ, PSE-EE eta PPko ordezkariak, EHUko errektore Iñaki Goirizelaia, Deustuko unibertsitatekoa Jaime Oraa, Confebaskeko presidente Miguel Angel Lujua eta EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko presidente Juan Luis Ibarra. Enpresak gizarteari egiten dion ekarpenaren adierazle izan zen sostengu hori. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 1,2 milioi bezero dauzka, eta 4.000 langile; bertako Ogasunek 600 milioi euro jasotzen dituzte urtero, eta EAEko BPGaren %2 jartzen du Iberdrolak.
Irailetik martxan
Atzo izan zen inaugurazio ofiziala, baina dorreak hilabeteak daramatza martxan, iazko irailetik, hain zuzen. Prozesua ez da erraza izan, Javier Urrutxua dorreko zuzendariak aitortu duenez: «Ez gaude ohituta tamaina honetako eraikinetara; aitzindaria da». Azpiegituran erabilitako teknologiak berak gehitu die konplexutasuna instalazioei; esaterako, tenperaturan, argiztapenean eta igogailuen abiaduran «azterketa eta doitze milimetrikoak» egin behar izan dituzte, «diseinatutakoa gauzatzeko».
Izan ere, «eraikin iraunkorra» gidatzeaz harro agertu da Urrutxua: «Esan izan digute geure buruaren aurka goazela, energia gutxiago kontsumituko dugulako, baina ez da hala. Ez genion ingurumenari kalterik egin nahi, eta uste genuen garrantzitsua zela erakina bera eraginkorra eta modernoa izatea». Iraunkortasunaren eta energia eraginkortasunaren alorreko ziurtagiri garrantzitsuena jasotzekotan da, Leed Platino agiria. «Europan lehenak izango gara hori jasotzen».
Eta nola lortu dute? Begien bistan dago gako nagusia: beirazko fatxadaren bidez, argi natural gehiago sartzen da kanpotik, baina, horretaz gain, leihoetan erabilitako teknologiak barruko argiztapena eta girotzea egokitzen du, kanpoko ezaugarrien arabera. Tenperatura zonaldeka moldatzeko sistema bat ere badauka: «Horrela, solairu batean hiru langile bakarrik badaude, gune batean baino ez da martxan jartzen, eta ez solairu osoan».
Ekonomikoki ere eraginkorragoa izango da langileak eraikin batean biltzea, nahiz eta Iberdrolaren behargin guztiak ez diren dorrera mugituko: 300 eta 325 lagun artean jardungo dira han. Baina enpresaren izena eduki arren, dorreak ez du bakarrik Iberdrolaren egoitza hartuko. Jadanik hamar enpresa inguruk alokatu dute bulegoa eraikinean. «Bulegoen %52 daude hartuta. Oso ondo dago, krisi garaian gaudela kontuan hartuta, baina enpresa gehiago etortzea espero dugu; gure kalkuluen arabera, 2012ko amaieran %80 egongo dira hartuta», azaldu du Urrutxuak.
Sektore guztietako enpresei emango diete ongietorria, nahiz eta dorreko arduradunak onartu duen halako alokairu bat ordaintzeko gai diren enpresek tamaina jakin bat eduki behar dutela. Eta hortik helburua: «Negozio zentro bat eratu nahi izan dugu: enpresa jarduera asko hartuko dituen gune bakarra sortu Bilbon, Bizkaian eta Euskadin». Ideia aitzindaria dela nabarmendu du, hiriburuan «honelako eraikin baten falta» zegoelakoan: «Bilbon beti egon dira negozio asko, baina denak gune berean elkartu nahi genituen».
Horrekin batera, eraikinaren itxura estetikoa Bilboren eraldaketan txertatu dute, modernitatearen ikur izendatuz. Abandoibarran dago dorrea, iaz erabat berritutako ingurunean, Euskadi plazan, EHUren Paraninfoaren eta Deustuko Unibertsitatearen Liburutegiaren ondoan, Guggenheim museotik eta Euskalduna jauregitik oso hurbil. «Aurrerapena da teknologian, diseinuan, lan egiteko espazioen sorkuntzan...», laburtu du.
Krisi garaian ere, aurrera
Baina ez da merkea izan. Enpresaren arabera, 200 milioi euroko aurrekontua izan dute dorrea egiteko obrek. 2005ean egitasmoa aurkeztu eta gutxira heldu zen krisi ekonomikoa. Iberdrolak, dena den, hazten jarraitu du: 2009an, %1,3; 2010ean, %1,6; eta 2011n, %3,5. Hala, dorrea eraikitzeko asmoari eustea erabaki zuen. «Moldatu gara, eta aurrera egin dugu», azaldu du dorreko zuzendariak. «Erdizka uztea izango litzateke kaltegarria. Baina Euskadiko enpresei lana eman diegu, eta haien jarduna ez gelditzea ahalbidetu dugu».
Iberdrola Dorrea. Inaugurazio ofiziala
Negozioen egoitza modernoa
Bilboren eraldaketa arkitektonikoaren ikur bihurtzeaz gain, enpresen antolakuntza eredu berria ere ekarri du Iberdrolaren dorreak. Orain, bulegoen %52 daude hartuta, eta urte amaieran %80 egotea espero dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu