Nekazari bat hil da Ean, eta kamioilari bat Gasteizen

Nekazaria bere traktorea bidetik aterata hil da, eta kamioilaria hiru kamioik eta furgoneta batek izandako talka batean

ERREDAKZIOA
2008ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Lan istripuei dagokienez, egun beltza izan zen atzokoa: bi langile hil ziren bi istriputan, bata Gasteizen eta bestea Ean (Bizkaia).Goizeko hamarrak aldera gertatu zen lehenengo istripua N-1 errepidean, Gasteizko Jundiz auzoaren parean. Kamioi bat beste bat aurreratzen ari zela gurpila zulatu zitzaion eta istripua eragin zuen: hiru kamioik eta furgoneta batek elkar jo zuten. Momentuan hil zen J.P. L. 53 urteko kamioilari durangarra. Beste bi kamioilariak, berriz, zauritu egin ziren. Talkaren eraginez, gainera, kamioietako batek su hartu zuen. 11:00ak arte errepidea itxita egon zen bai Burgoserako noranzkoan (Espainia) eta baita Gasteizerakoan ere.

Ertzaintzak jakinarazi duenez, hiru kamioi horietako gidari batek positibo eman zuen drogen proba egin eta gero, eta atxilotu egin zuten.

Eguneko bigarren lan istripua EAn gertatu zen. Nekazari bat gidatzen ari zen traktorea bidetik atera zen eta amildegi batetik jausi. Jaurlaritzako Herrizaingo Sailaren esanetan, gizonezkoa momentuan zendu zen, eta medikuek haren heriotza baieztatu besterik ezin izan zuten egin. Herrizaingo Sailak ez du gidariaren datu gehiagorik eman.

LAB sindikatuaren zenbaketaren arabera, aurten 85 langile hil dira lan istripuan Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.