Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez, arratsaldeko laurak aldera jazo zen ezbeharra. Itxura denez, baserri baten inguruko lur sailetan traktorearekin lanean ari zen gaztea. Ustekabean, ibilgailua irauli, eta haren azpian harrapatuta ageratu zen. Hartutako kolpearen eta egindako zaurien ondorioz, momentuan bertan hil zen. Oraingoz Ertzaintzak ez du argitu zerk eragin zezakeen istripua, baina zergatiak ikertzen ari da atzotik.
Joan den asteartean, oso antzeko baldintzetan jazotako beste istripu batean, 42 urteko nekazari bat hil zen, Urrotzen (Nafarroa). Xebe Matxiñena traktorearekin belarra mozten ari zen Urrozko Iriartekoborda baserriaren inguruko lur sailetan. Ibilgailua pendizean behera joan, eta irauli egin zen, eta azpian harrapatu zuen gidaria.
Orain astebete, baserritarrek denbora gutxi eta lan asko izaten dutela zioen LAB sindikatuak, Matxiñenaren heriotza gaitzesteko hedabideetara igorritako ohar batean. Horrelakoetan, aldatzen den bakarra langilea dela zioen, istripua inguratzen duten baldintzak beti direlako berdintsuak. Ostegunean, gainera, LABek deitura elkarretaratzea egin zuten Donezteben, istripu oro gaitzesteko eta prebentzio neurriak eskatzeko.
Sindikatu horren arabera, aurten gutxienez 34 lagun hil Euskal Herrian, lanean ari zirela izandako istripuetan.