Nekazariak babesteko neurriak adostu dituzte EBko ministroek

Gehiegikeriazko jardunak saihestea eta irabaziak hobeto banatzea da neurri horien helburua

Erredakzioa
2010eko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Elikagaien katean kaltetuenak nekazari eta ekoizleak direla iritzita, haiek babesteko hainbat proposamen onartu dituzte Europako Batasuneko Nekazaritza ministroek. Elikagaiek sortzen dituzten irabaziak hobeto banatzea eta ekoizle, industria eta banatzaileen artean gehiegikeriazko jardunak saihestea dira proposamen horien helburuak.

Batetik, kontrolak zorroztea hitzartu dute, elikagaiak kostu prezioen azpitik saltzea eta eragiketa komertzialetan ordainketak gehiegi atzeratzea saihesteko. Bestetik, nekazarien eta industriaren arteko kontratuak autoerregulatzea adostu dute. Horretarako, kontratu eredu estandar bat prestatzeko eskatu diote Bruselari, herrialdeen eskura jartzeko. Eta, azkenik, elikagaien kateaz eztabaidatzeko talde iraunkor baten sorrera bultzatzea onartu dute Nekazaritza ministroek.

Proposamen horiek jasotzen dituen idatzia Europako Batasuneko herrialde guztiek babestu dute, Erresuma Batuak, Suediak, Danimarkak eta Txekiak izan ezik.

Dacian Ciolos nekazaritza gaietarako Europako komisarioaren hitzetan, egoera ekonomikoa «egonkortzen» ari da nekazaritza eta abeltzaintza sektorean. Hala ere, krisia gainditu duela esateko oraindik goizegi dela uste du. Salneurriak muturrera iristen ari direla esan du, eta hori merkatuaren funtzionamendu egokiaren isla dela, eskaintza eta eskariaren arteko orekaren seinale. Horretan zeresan handia dute garaian garaiko uztak eta azienda-produkzioak.

Dena dela, egungo hazkundea ez da nahikoa aurreko urteetako galerei buelta emateko, Ciolosen irudiko. Esne merkatuari laguntzeko araudian aldaketak proposatuko dituela iragarri du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.