Nekazariak haserre, NPBak lurjabe handiei soilik egiten dielako mesede

EHNEk, ELBk eta EHNE-Bizkaiak salatu egin dute Bruselaren proposamena, merkatua desarautzen duelako

Jenofa Berhokoirigoin - Miren Garate
2011ko urriaren 14a
00:00
Entzun
2014tik aurrera indarrean egongo den nekazaritza politika bateratua (NPB) diseinatzen hasia da Europako Batzordea, eta herenegun aurkeztu zuen proposamena Dacian Ciolos Nekazaritza komisarioak. Euskal Herriko nekazariek gogor kritikatu dute. EHNE, EHNE-Bizkaia eta ELB sindikatuen arabera, planteatutako neurriek lurjabe handiei soilik egiten diete mesede. Horrez gain, merkatuak desarautzea bultzatzen duela diote.

Aldaketetako bat diru laguntzen banaketan proposatu du Ciolosek. Gaur egun, 2000. eta 2002. urteetako ekoizpen datuak hartzen dira kontuan, eta horien arabera partitzen zaie dirua estatuei. Sistema hori alde batera uztea nahi du Bruselak. Laguntzak hektareako ematea proposatu du. «Azalera handia duten ustiategien mesederako izango da, azalera txikiagoa eta ekoizpen handiago duten beste ustiategiei kalte eginez», esan du EHNEk.

Iritzi bera du EHNE-Bizkaiak. «Lurraren jabetza indartzen da, eta lurra lantzen duten pertsonak dira galtzaile nagusiak». Horrez gain, laguntzak hektareako emateak gazteei kalte egingo diela dio. «Nekazaritzan hasteko ate guztiak itxiko zaizkie».

Berez, guztientzat tarifa finkoa izatea begi onez ikusten du ELBk. «Borondatez, zentzu onera doaz neurriak, baina konkretuki oso eskasak dira», esan du. «Sobera uzkur» gelditzen direla salatu du, «muga goregi finkatua dutelako». Hain zuzen, etxalde bakoitzari gehienez ere 300.000 euroko laguntzak ematea proposatu du Europako Batzordeak. Muga hori gainditzea ere posible izango da enplegua sortuz gero.

Etxalde txikiak aipatzea zen ELBren eskakizunetariko bat. Ciolosek egindako planteamendua «biziki eskasa» da, haren irudiko. Etxalde txikien definizioa herri batetik bestera erabat ezberdina denez errealitate bakoitza kontuan hartu eta laguntzak estatu mailan erabaki behar direla uste du ELBk.

Europako Batzordearen arabera, nekazari aktiboek bakarrik jasoko dute dirua. «Ez dut uste golf zelaiek eta aireportuek NPBaren laguntzak jaso behar dituztenik», adierazi zuen Ciolosek. Hain zuzen, gaur egun Ingalaterrako erregina, Monakoko Alberto printzea eta Albako dukesa dira laguntza handiena jasotzen dutenetako batzuk. EHNEren iritziz, Bruselak proposatutako neurria «etsigarria» da eta ez du lortuko laguntzak jasotzen dituztenen kopurua jaistea.

Merkatuak arautzeko eskaera

Erreformak merkatuen desarautzea eta nekazaritzaren liberalizazioa bultzatzen duela, hori da sindikatuek egindako beste kritika nagusia. «Herrialdeen artean, libreki egin dira nekazaritza akordioak azken urteetan, eta horiek eragin dute espekulazioa eta prezioen finkotasunik eza», azaldu du EHNEk. «NPBren kudeaketa merkatuari utziko zaio, botere publikoen esku sartzea txikituz», gaitzetsi du ELBk ere. EHNE-Bizkaiak Munduko Merkataritza Erakundeak eta merkataritza askeko itunek nekazaritzatik eta elikaduratik kanpo egon behar dutela defendatu du.

Ciolosek sektorean zalantza eragin duen beste neurri bat ere proposatu du: diru laguntza zuzenen %30 ingurumena zaintzeko ahalegina egiten dutenei ematea. Laborantza dibertsifikatua dutenak, bazka iraunkorra mantentzen dutenak eta erreserba ekologikoak eta paisaiak zaintzen dituztenak sarituko ditu. Europako hainbat nekazaritza sindikatu ez daude ados neurriarekin, sektorearen lehiakortasunari kalte egingo diola uste dutelako.

Bestelakoa da ELBren iritzia. Laguntza zuzenak ingurumena zaintzeko ahaleginei baldintzatuta izatea ongi ikusten du, baina %30eko zatia «sobera ahula» dela dio. «Banatu euro bakoitzak ekologikoki edota sozialki baldintzatua izan behar luke». Hori dela eta, gaur egungo desafioak gainditzeko, Ciolosek «askoz ausartagoa» izan behar duela adierazi du sindikatuak.

Europako Batzordearen proposamena onartzea Europako Parlamentuari dagokio. Datorren urtean jarraituko dute negoziazioek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.