Nekazariek milaka milioi euro gal ditzakete EBren aurrekontuetan

Nekazaritza Politika Bateratuaren defentsa irmoa egiteko eskatu dio ENBAk Espainiako Gobernuari

Jon Fernandez.
2012ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Euskal nekazariak kezkatuta daude Bruselatik datozen albisteekin. Datorren eguenean eta barikuan bilduko dira Europako Batasuneko buruak 2014tik 2020ra bitarteko EBko aurrekontuak erabakitzeko. Mahaiaren gainean dauden proposamenen arabera, murrizketa handiak izango dira, bereziki kohesio funtsetan eta nekazaritzarentzako laguntzetan.

Herman Van Rompuyren proposamena onartuz gero, Espainiak 20.000 milioi euro galduko lituzke, eta lehenengo aldiz jasotzen duen baino diru gehiago eman beharko du. 2014tik 2020ra bitartean nekazarientzako zuzeneko laguntzak 6.000 milioi euroko murrizketa izango lukete Madrilentzat. ENBA Euskal Nekazarien Batasunak aurrekontu horien kontra egiteko eskatu dio Madrili eta «irmotasunez» defendatzeko Nekazaritza Politika Bateratuak (NPB). Hau da, Frantziarekin lerratzeko eskatu dio.

Herrialdeen jarrerak muturtuta daude. Erresuma Batuko Legebiltzarrak gastuak murrizteko agindua eman dio David Cameroni. Alemaniak ez du begi txarrez ikusten Van Rompuyren proposamena. Europako Legebiltzarra eta Batzordea ere murrizketen aurka agertu dira.

ENBAk dio baserritarrek ezin dituztela murrizketak bere gain hartu. EHNE, berriz, kexu da NPBren azken erreformarekin lurra lantzen ez dutenak saritzen jarraitzen dutela. Sindikatu horrek merkatuak arautzea nahi du, bestela «espekulazioa hauspotzen» delako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.