Nekazarien eta lur landuen erdiak galdu ditu Bizkaiak 1992tik hona

EHNE sindikatuak jakinarazi duenez, landutako lurrak %60 urriago eta %258 garestiago dira herrialde horretan; gainera, tomateen ez beste ekoizkin guztien jatorrizko prezioak nabarmen jaitsi dira

BILBO
2003ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
«Bizkaiko nekazaritzak hondoa jo du». Sektorea «etengabe odolusten» ari dela jakitun, EHNE sindikatuak azterketa egin du beheraldia zifratan neurtzeko. Azkeneko hamar urteetan, Bizkaiko nekazarien erdiak desagertu dira. Landutako lurrak %60 urriago dira; %258 garestiago. Eta ekoizkinen prezio galerak ez ei du etenik: tomateengatik ez beste ekoizkin guztiengatik diru gutxiago jasotzen dute baserritarrek eta abeltzainek.

«Herrialdeko nekazaritzak 1992tik gaurdaino jasan duen bilakaera aztertu dugu», azaldu zuen Bizkaiko EHNEko idazkari orokor Arantza Arrienek atzo. Batik bat, estatistika ofizialak erabili dituzte txostena idazteko, eta ikerketaren abiapuntua bat dator Nekazaritza Politika Bateratuaren aurreneko erreformarekin. Arrienek iragarri zuenez,«txostenean jorratutako gaiek lotura estua dute sindikatuak bultzatutako nekazaritza ereduarekin». Hau da, «nekazariei errenta eta bizimodu duina eskainiko dien nekazaritza eredu jasangarriarekin».

Nekazaritzatik bizitzea, «gero eta gaitzagoa»

EHNEk uko egin dio nekazaritza «aldagai makroekonomiko hutsen» arabera aztertzeari. Aitzitik, ikuspegi «lehiakor eta produktibista horretatik ere» sektorearen «gainbehera» agerikoa dela berretsi du.

Nekazarien errenta delakoa, adibidez, 1992an baino %38 baxuagoa izan zen iaz. Errentak ekoizpen gastuak ordaindu osteko etekinak neurtzen ditu: 1990ean 19.000 milioi pezetatik gorakoa zen; 2000n, berriz, 11.800 milioitan geratu zen.Arrieneren azaldu zuenez,«gero eta gaitzagoa» da nekazaritzatik bizitzea. Horixe erakusten du baserritarren kopurua «erruz urritu izanak». Arrienek hizpide hartu zituen Espainiako Estatistika Institutuak eta Nekaritzako Gizarte Seguratzak kaleratutako datuak. Zehaztu zuen 1992tik hona lehen sektoreko enpleguaren erdia galdu dela Bizkaian. «11.000 nekazari eta arrantzale egotetik 5.200 egotera pasatu gara; afiliatutako 3.800 baserritar zegoen lehen, 2.000 bat orain». Nekazaritzaren odolusteak, enpleguari ez ezik, lurraren prezioari eta erabilerari eragin dio. Bizkaiko EHNEko teknikari Javier Erizek atzoko prentsaurrekoan azaldu zuenez, nekazal lurrak %258 garestitu eta %4 urritu dira Bizkaian 11 urtean: «Abadiño, Galdakao edo Urduña bezalako herrien hedadura halako bi». Erizek, ordea, landutako lurrak kokatu zituen arazoaren muinean, %60 gutxitu baitira. Gaitzetsi zuen «halako lurretan abiatutako hirigintza egitasmo txikitzaileek» landa zabalak bete dituztela. «Lurrik bako nekazaritzak behi eroen moduko gaitzak eragin ditzake», ondorioztatu zuen EHNEkoak.

Ekoizpenak behera eta prezioek gora, etengabe

Erizek, halaber, jakinarazi zuen nekazaritza produkzioa behera doala etengabe: «Gelditzen diren nekazari apurrek ez dute gehiago ekoizten. Gezur hutsa da hori». Azken hiru urteotako datuak ekarri zituen Erizek gogora. «1999an baino 500 tona arto gutxiago ekoizten da gurean; 3.000 tona patata gutxiago; 11.000 tona ortuari gutxiago...», azaldu zuen. Baserritarrek jakiengatik gero eta diru gutxiago jasotzen dutela ohartarazi zuen Erizek: «Letxugen prezioa %50 txikiagoa da, piper berdeena %27, zerbarena %28 eta porruena %38. Soilik tomatearen prezioak egin du gora».

Abere ekoizpenari heldu eta joera bertsua dela azaldu zuen Erizek. 135 milioi litro esne ekoitzi zuten abeltzainek 1999an; 100 milioi litro iaz. «2002an, gainera, duela lau urte baino 2.000 behi, 5.000 ardi eta 6.000 txerri gutxiago zituzten abeltzainek», ohartarazi zuen.Nekazaritzak burua altxatzeko, lurra baserritarren eskura jartzeko, ekoizpena bertoko merkatuetara bideratzeko eta belaunaldi aldaketa errazteko eskatu zuen Bizkaiko EHNEk sektorearen gaineko ikerlanaren aurkezpenean. Herrialdeko erakundeekin eskuz esku jarduteko gertu azaldu zen, «politika egokiak martxan jarri ezean, nekazaritzak ez baitu iraungo».

-

Datua



-%50,69

Bizkaiko EHNEren arabera, jatorrian ordaindutako prezio ia gehienek nabarmen egin dute behera 1992tik hona:

Letxuga: Jaitsierarik esanguratsuena: -%50,69.

Zerba:%28,02ko galera.

Leka: -%14,91ko galera.

Porrua: -%38,27ko galera.

Txahala: %2,78ko galera.

Piper berdea: %27,5eko galera.

Behi esnea: %5,4ko galera.

Bildotsa: %24, 2ko galera.

Tomatea: Jatorrizko prezioa igo den produktu bakanetakoa: %24,23 igo da prezioa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.