Enpresak

Ner Groupek kutxa propioa sortu du: Kutxa Ner

Taldeko 22 konpainiek bankuekiko duten menpekotasuna murriztea da helburua. Oraingoz, soilik Ner Groupeko proiektuek eskatu ahalko dute finantzaketa.

Ner taldeak kutxa propioa aurkeztu du: Kutxa Ner. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS
Jon Fernandez.
2015eko martxoaren 3a
08:00
Entzun

"Bankuek zer etekin lortzen dituzte Ner Groupeko konpainiekin? Bankuek babestu al dute Ner Group krisi garaian?". Galdera horiek egin dizkiote euren buruari Koldo Saratxaga Ner Groupeko sustatzaileak eta haren lankideek, eta ondorio argi batera iritsi dira: "Krisi garaian ez dugu bankuen sostengurik jaso, eta bankuek urtean 3 milioi euroren irabaziak lortu dituzte gure proiektuei esker". Besteak beste, banku tradizionalekiko menpekotasun hori txikitzeko erabaki dute Kutxa Ner sortzea. 

Kutxa berria, hala ere, ez da kreditu kooperatiba bat, enpresa zerbitzuen kooperatiba bat baizik. Gaineratu dute, era berean, gainontzeko finantza erakundeekin ere elkarlanean jarraituko dutela Ner Groupeko konpainiek. "Oraingoz", bakarrik taldeko proiektuek eskatu ahal izango diote finantzaketa Kutxa Nerri, baina, etorkizunean, ikusiko dute. Saratxagak argitu du taldeko 1.700 pertsonengana ere zabaldu nahi dutela kutxa etorkizunean, eta ez dutela hasieratik horrela planteatu zailtasun legalak saihestearren. 

Taldeko enpresa bakoitzak bere salmenta zifraren %1 bideratuko du urtero Kutxa Ner funtsera. Iazko abenduan egin zuten lehen ordainketa, 3 milioi eurokoa, eta martxo-apirila bitartean egingo dute bigarrena, 2014ko salmentetan oinarrituta. Guztira, 6 milioi inguruko funtsa izatea espero dute udaberrirako. Konpainia guztiek egingo dute urtero dagokien ekarpena, egoera zailean daudenek ere bai, nahiz eta gero berehala jaso finantza laguntza. 

Hasteko, 1.000 euro

Funtsean dirua jarri ostean, finantzaketa beharrak dituzten enpresek euren eskariak egingo dizkiote Kutxa Nerri, eta bost kidek osatutako pilotaje talde batek definituko ditu kontzesioetarako irizpideak. Unai Mendikote Kutxa Nerreko kontseilariaren esanetan, finantzaketa eskatzen duten konpainiek ohiko bankuetan baino merkeago jasoko dituzte maileguak, eta funtsean dirua jartzean banku tradizionaletan baino interes handiagoak kobratuko dituzte. 

Kutxa Ner martxan jartzeko 22 konpainietako bazkide bakoitzak 1.000 euro jarri ditu: 500 euro kapital sozialerako eta beste 500 hasierako gastuak ordaintzeko. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.