Nervaceroko zuzendaritzak murrizketa plan gogorra jakinarazi dio langile batzordeari: 55 langile kaleratu nahi ditu, eta gainontzekoei, soldata %30 jaitsi; eta urtean 160 lanordu gehitu, 20 egun, hain zuzen. Kopuru horrekin 1.824 ordura iritsiko litzateke, legeak baimentzen dion gehienezko kopurura. Enpresak altzairu korrugatuaren eskaria jaitsi egin dela dio murrizketak arrazoitzeko, urtean zazpi milioi tonatik 1,2 milioi tonara jaitsi delako. CCOO, baina, ez dago enpresaren proposamena onartzeko prest. «Lan baldintzetan sekulako aizkorakada delako», mobilizazio kanpaina indartsu bat hasteko konpromisoa hartu du sindikatuak.
Sindikatu horren esanetan, lan erreforma indarrean denetik, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako enpresa batek iragarri dituen murrizketarik gogorrenak dira. Horregatik, adierazi du eskura dituen bitarteko sindikal eta juridiko guztiak erabiliko dituela, enpresak bere asmoarekin aurrera egin ez dezan. «Lan baldintzak zapalduta, kostuak murriztea eta dirua aurreztea besterik ez baitu nahi zuzendaritzak».
Baina hori ez da larriena CCOOrentzat. «Larriena da murrizketak proposatzearekin batera, enpresak lantegia berehala ixteko mehatxu egin diela langileei». Modu horretara, murrizketen kontrako edozein ekintza indargabetu nahi duela uste du sindikatuak.
Laugarren erregulazioa
Celsa Atlantic taldekoa da Nervacero, eta Trapagaranen du egoitza —Bizkaian ez du beste lantegirik Celsak, Gasteizen eta Santanderren (Espainia) ditu gertuenak—. Altzairu korrugatua egiten du, eraikuntzarako eta obra zibileko proiektuetarako, eta 355 langile ditu. Hiru urte daramatzate soldata igoerarik gabe, eta denbora horretan beste hiru erregulazio izan dituzte.
Aurrena, 2009an jarri zen indarrean, eta 2010eko irailean zen amaitzekoa. Epea bete baino lehen eskatu zuen luzapena zuzendaritzak —bigarren dosierra—, eta Lan Sailak onartu egin zion, aldaketa batzuk eginda. Iazko ekainaren 30era bitartean altzairu fabrika 54 egunez ixteko baimena izan du enpresak, eta 28 egunez ixtekoa xaflatze planta.
Iazko urrian aurkeztu zuen hirugarrena, orduan ere eskaera jaitsiera arrazoituta. 56langile kaleratzeko baimena eskatu zion Jaurlaritzari, eta hark eman egin zion. Martxoaren 31 baino lehen kaleratzen zituenei taldeko beste enpresetan edo azpikontratatutako enpresetan lana emateko konpromisoa hartu zuen.
Taldeak Gasteizen duen lantegira joan behar izan dute Trapagarandik kaleratutako batzuek, Laminaciones Arregui zenera. Baina han ere gauzak ez doaz askoz hobeto. Iragan astean, zuzendaritzak 91 langile kaleratzeko eta gainontzekoei soldata %30 jaitsi eta urteko lanaldia hamahiru egun luzatzeko asmoa zulajakinarazi zion langile batzordeari.
Nervacerok 55 langile bota nahi ditu, eta besteei, soldata jaitsi
Kaleratzeetatik libratzen direnei soldata %30 jaitsi eta urteko lanaldia hogei egun luzatuko diela jakinarazi du zuzendaritzak«Lan baldintzetan sekulako aizkorakada delako», mobilizazioak iragarri ditu CCOOk
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu